Piriniotara bidaia antolatu du Pagoeta Mendizale Elkarteak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 1a, 11:00

Uztailaren 16an, 06:00etan abiatuko dira Zarauztik, eta Gourette inguruan bi txango egingo dituzte asteburuan. Izena emateko derrigorrezkoa da federatuta egotea.

Uztailaren 16rako et 17rako Piriniotara irteera antolatu du Pagoeta Mendizale Elkarteak, zehazki, Gourettera. Elkarteak jakinarazi duenez, derrigorrezkoa izango da mendian federatuta egotea irteeran parte hartzeko.

Larunbatean 06:00etan abiatuta, Litor bailarara joango dira autobusez, eta bertan aparkatu eta Gran Gabizos aldera joko dute. Lehenik, Louesque mendia igoko dute eta, handik, nahi duenak Gran Gabizos igo ahalko du. Jaitsiera malkartsu batetik Louesque lakuetara helduko dira, eta Gouretteko estazioan bukatuko dute ibilbidea. Denera, 14 kilometro egingo dituzte, eta 1.350 metroko desnibela izango du ibilbideak.

Hurrengo egunean, ibilbide zirkularra egingo dute Gourette inguruan. Estazioko pistetan barrena Col Amoulat aldera igoko dira, Pene Meda mendiaren magaletik. Ger mendia igo eta Col de Ger-era jaitsiko dira eta, handik, estaziora itzuliko dira. Bigarren ibilbideak ere 14 kilometro izango ditu, eta 1.500 metroko desnibela izango du.

Chalet-Refuge CAF de Gourette aterpetxean hartuko dute ostatu, eta bertaratzen direnek udako mendiko ohiko ekipoa eraman beharko dute. Bazkide diren helduek 90 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko, eta bazkide ez direnek, 100; gazteek, berriz, 55 euro bazkide direnek, eta 60 bazkide ez direnek. Prezioan autobusaren joan-etorria eta ostatua (afaria eta gosaria) sartzen dira.

Izen ematea

Irteeran parte hartzeko Pagoeta Mendizale Elkartean eman daiteke izena, uztailaren 8ra bitartean, 20:00etatik 21:00etara. Elkartearen helbide elektronikora idatzita ere egin daiteke inskripzioa (pagoetame@gmail.com), norberaren datuak emanda eta ordainagiriaren dokumentua erakutsita.

Zehazki, honako kontu korronteetan egin beharko da transferentzia:

  • Kutxabank: IBAN: ES91 2095 5076 48 1065685215; BIC: BASKES2BXXX
  • Laboral Kutxa: IBAN: ES29 3035 0029 65 0290015562; BIC: CLPEES2MXXX