"Ahalegin berezia" eginez, udako agenda oparoa prestatu du udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 1a, 09:30
Irune Urbieta Kultur zinegotzia, Xabier Txurruka alkatea eta Leire Arana Turismoko jarduneko zinegotzia atzoko aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

La Oreja de Van Gogh, Zetak, Esne Beltza eta Celtas Cortos taldeek joko dute Aste Nagusian. Aurtengo udak "zapore ahaztezina" utziko duela dio Xabier Txurrukak.

"Aurtengoa ez da nolanahiko udara izango". Xabier Txurruka alkateak halaxe azpimarratu du Zarauzko Udalak aurtengo uda sasoirako prestatu duen programazioaren aurkezpenean. Pandemiak eragindako "bi urte gogorren" ondoren, udalak "ahalegin berezia" egin duela aditzera eman du, herriko hainbat talde, elkarte eta eragilerekin elkarlanean. Hori horrela, ekitaldiak berriro kalera eta plazetara aterako dituzte, inolako mugarik gabe, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau oparo eta zabalarekin. "Ziur nago aurten ere udak une ahaztezinak eta aho zapore ona utziko dizkigula denoi", nabarmendu du.

Azken urteetan, amarbirjinetako Aste Nagusiko kontzertuek interes eta jakin-min berezia sortu dute herritarren artean, kalitatezko proposamenak ekarri direlako. Alkateak adierazi du hainbat izan direla aurten zein taldek joko duten galdezka joan direnak udalera. Zentzu horretan, "garbi geneukan pandemiako bi urteak pasatu eta gero, udalak esfortzu berezia egin behar zuela, jendea festak bizitzeko gogotsu dagoelako". Abuztuaren 14tik 19ra bitartean, ondorengoen emanaldiak izango dira Dama pareko agertokian: La Oreja de Van Gogh, Trio Medianoche, Zetak, Esne Beltza eta Celtas Cortos.


Uda bete ekitaldi

San Pelaio jaiak amaitzearekin batera, udako egitaraua abian da jada. Kalerki jaialdiko lehenengo emanaldiak eskaini dituzte eta asteburuan Txaparrotan nahiz Halterofiliako Zarautz Saria kirol hitzorduak izango dira Zarautzen. Irune Urbieta Kultura zinegotziak eta Leire Arana Kirol zinegotzi eta Turismoko jarduneko zinegotziak hurrengo bi hilabeteetan izango diren ekitaldien berri eman dute.

Ez dira faltako ohiko kultur hitzorduak. Ostegunetako Antzerkia Familian programako saioak, Villa Manuelako frontoian; uztailaren erdian egiten den Adarretatik musika jaialdia; eta abuztuko Udako Musikaldia, aurten Santa Klarara lekualdatuko dute, eta ostiraletan izango dira kontzertuak.

Hainbat kirol ekitaldi izango dira astez aste, baita auzotako jaiak ere: Vista Alegrekoak, uztailaren 8tik 10era, eta Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldekoak, abuztuaren 10etik 13ra.

UDAKO EGITARAUA

Antzerkia familian
Villa Manuelan. Uztailean eta abuztuan izango dira, ostegunetan, 19:00etan, Villa Manuelako frontoian. Uztailaren 7an, San Fermin egunean, hasiko dute zezen puzgarrien entzierroarekin; ekitaldia hau Lege Zaharren enparantzatik hasiko da. 

Udako 34. Musikaldia
Santa Klara elizan. Parrokiatik Santa Klara elizara lekualdatu dute musikaldia, eta abuztuko ostiral iluntzeetan izango dira emanaldiak, 20:00etan hasita. 

KIrol Ekitaldiak
- Herri kirol emanaldiak. Asteazkenero, 19:30ean, Lege Zaharren Enparantzan.
- Txaparrotan. Hondartzako Eskubaloi Festa. Haurrena, uztailaren 2-3an; helduena, uztailaren 9-10ean. Desertu Txikian.
- Halterofilia Zarautz Saria. Malekoian, 15:30ean hasita.
- Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia. Uztailaren 23-24an.
- Bi Harri Txapelketa. Uztailaren 24an, udal kiroldegian, 18:00etan.
- Erremonte jaialdia. Uztailaren 29tik 30era, Aritzbatalden.
- Zaporraren Oroimenezkoa. Uztailaren 28tik abuztuaren 12ra arte, 18:30ean, Frontoi Txikin.
- Zarauzko Estropadak. Abuztuaren 20an, goizez, KAE 1 eta ETE ligak eta arratsaldez, Euskotren eta Eusko Label ligak. Abuztuaren 21ean, goizez, Euskotren eta Eusko Label ligak.
- 3x3 Street Basket. Abuztuaren 26tik 28ra, malekoian.

Aste nagusiko kontzertuak
Dama pareko oholtzan. Abuztuaren 14an, 23:00etan, La Oreja de Van Gogh; abuztuaren 16an, su artifizialen ostean, Trio Medianoche; abuztuaren 17an, 23:00etan, Zetak; abuztuaren 18an, 23:00etan, Esne Beltza; abuztuaren 19an, 23:00etan, Celtas Cortos.


Beste ekitaldi batzuk
Adarretatik (uztailaren erdian); Sahara Gara eguna (abuztuak 4); Zarautz Modan (abuztuak 6).