Abendañoko bi partzelatan ere txikizkako merkataritza ahalbidetuko dute

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 1a, 13:00
Abendaño industrialdea. (Zarauzkohitza.eus)

Aurretik Errotaberriko industrialdearekin egin bezala, eremuaren %10a hartzen duen azalera bideratuko dute 1.000 metro koadrotik gorako txikizkako merkataritzako eskaintzara, "herritarren mesederako lehia sustatzea" xede izanda. Industrialdearen gainerako partzelei, berriz, egun debekatuta dauden erabilerak eman ahalko zaizkie, hala nola kirol, erlijio, hileta edota hotel zerbitzuak ezarri ahalko dira. 

Atzo egin zuten ekaineko ohiko osoko bilkuran gehiengoz onartu zuen Udalbatzak hasierako onespena ematea Abendañoko lurzoruaren erabilera erregimen aldaketari. Urtearen hasieran Errotaberrirentzat onartutako baldintza berdinak ezarriko dituzte Abendañon ere. Alegia, egun industriara soilik bideratu daitezkeen partzeletako bitan txikizkako merkataritza ahalbidetuko dute, eta gainontzeko partzeletan ere egun debekatuta dauden hainbat zerbitzu eskaini ahalko dira, hala nola kirol, erlijio, hileta edota hotel jarduerak. Zehazki, 1.000 metro koadrotik gorako merkataritza guneak ezarri ahalko dira aipatu bi partzeletan, "herritarren mesederako lehia sustatzeko". Bi partzela horien azalera eraikia ez da heltzen Abendaño gune osoaren %10era. 

Udal Gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin eta oposizioko bi alderdien (EH Bildu eta Podemos Equo-Berdeak) aurkakoekin egin zuen aurrera proposamenak, eta udalbatzarreko hitzartzeen txandan Errotaberriko kasuaren eztabaidan aurkeztutakoen antzeko argumentuak eman zituzten alderdiek. Oposizioko alderdiak aurka agertu ziren orduko hartan, eta oraingoan ere bai. 

Antzerako argumentuak mahai gainean

EH Bilduko udal taldearen bozeramaile Itziar Muruak Zarauzko ekonomia jardueraren bilakaera errepasatu eta zerbitzuen sektorearen gorakada eta industriaren beherakada mahai gainean jarri zituen, eta eztabaidagai zuten Abendañoko erabilera aldaketak "bestela ere gertatzen ari den joera hori indartuko" duela iritzi zion. Industriari eman beharreko bultzada "murriztuko" zela azaldu zuen, eta Zarautz "soilik zerbitzuetara bideratutako herriaren tankera" hartzen ari dela. 

Bestetik, kamioien joan-etorriak nabarmen handituko direla ere aipatu zuen, eta inguru horretako trafiko arazoak "oraindik gehiago handituko" direla. Argitu zuen erabilera aldaketa onartzean bi supermerkatu handi jarri ahal izango direla Abendañon, eta Errotaberrin ere beste bi jartzeko aukerak zabaldu zituztela. Gainera, industrialdeko gainerako partzeletan egiten den aldaketa ez zaio "xehetasun txikia" iruditzen EH Bilduri. "Denborarekin ez dakigu zertan bukatuko duten industrialde horiek. Herritarrak herritik kanpora bideratuko ditugula iruditzen zaigu, eta herriaren nortasuna galtzeko bide bat irekitzen dela". 

Azkenik, tokiko merkataritzak galerak eduki ditzakeela aipatu zuen, sustatu nahi den kontsumo ereduaz hausnartzera gonbidatu zituen udalbatzarkideak, eta zalantzan ipini zuen erabakia bat ote datorren Agenda 2030 plan estrategikoaren lan lerroekin. 

Xabier Txurruka alkateak Muruari erantzun zion Beterri Kostako industrialdea ari dela komertzializatzen bere garaian udalak Eusko Jaurlaritzari saldutako Errotaberriko partzelak, eta gaur egun komertzializatzeko beharrik gabe "ia enpresa denak kokatuta" daudela Errotaberrin. Salberdinen zeuden enpresa batzuk ere Abendañon daudela azaldu zuen, eta "politika aktiboa" egiten ari direla gaineratu. "Kontuan daukagu Agenda 2030en oreka. Zarautzen bizi eta lan egin, zalantzarik gabe, baina XXI. mendean". 

Bestetik, alkateak balioan jarri nahi izan zuen EAJk industria bultzatzeko eginiko ahalegina, "duela 30 urtetik garatu ez den poligonoa bukatzear" baita. Desegokia iritzi zion "industriaren sustapena zalantzan jartzea bi partzelaren erabilera aldatzeagatik", alkateak azaldu zuenez, "urteetan enpresek joan egin behar izan baitute Zarauztik, ez zegoelako beraientzako lekurik". 

Herriko norbanako nahiz eragileek espedientea jendaurrean jartzen denetik 30 eguneko epea izango dute erabakiaren inguruko alegazioak aurkezteko. Alegaziorik aurkeztu ezean, behin betiko onartutzat emango da erabakia.