Bertso Astea 2022

Aner Peritzek irabazi du Basarri Bertsopaper Saria

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 1a, 17:00
Irune Urbieta kultur zinegotzia, Aner Peritz saritua eta Andoni EgaƱa. (Aritz Mutiozabal)

Zopa hozten ari zaizu bertso sortagatik jasoko du saria uztailaren 7an, Bertso Astearen barruan. Epaimahaiak "bertsoen berrikuntza formala" nabarmendu du.

2019an jada Basarri Bertsopaper Lehiaketako bigarren saria erdietsi zuen 16 urterekin, eta "ezusteko" haren ondoren, hainbat lorpen bereganatu ditu Aner Peritzek han-hemengo sariketetan. Orain, hiru urte geroago, lehen saria irabazi du Zopa hozten ari zaizu bertso sortari esker. Zarauzko Udalarentzat "pozgarria" da zarauztar gazte batek irabaztea aurtengo edizioa. "Honek erakusten du Zarautzen dagoen bertsolaritzarako grina, eta herriko bertso elkarteek egiten duten lan nekaezinak bere fruituak jasotzen dituela", nabarmendu du Kultura zinegotzi Irune Urbietak.

Pozarren jaso zuen sariaren berri eta halaxe jarraitzen duela adierazi du Aner Peritzek, Torre Luzeako parkean dagoen Inazio Eizmendi Basarri-ren bustoaren aurrean eginiko agerraldian. Urtean zehar hainbat bertsopaper lehiaketetan hartzen du parte bertsolariak, eta Basarriren omenezkoa "berezienetako bat" dela aitortu du, "herrikoa delako eta zarauztar izanda bestelako ilusio bat sortzen didalako".

Bertso sorta irabazlearen abiapuntua besterik gabe otu zitzaiola kontatu du; hau da, bertso baten lehen bi puntuak zakarrak ateratzen ari zela etorri zitzaizkiola burura. "Errimakera ezberdina erabiliz, iruditu zitzaidan atsegina egin zitekeela belarrira. Hortik tiraka, sorta osoa osatu nuen",  jakitera eman du Peritzek.

Bikote baten arteko hausturaren ondoren, handik pare bat astera bietako batek zer sentitzen duen kontatzen du bertso sortan. Erabili duen doinua da Joaquin Sabinaren Calle Melancolia abestiaren doinua, bertso musikatuetan dezente erabiltzen dena.

Hiru talaia

Aurtengo epaimahaia osatu dute Nahikari Gabilondo, Andoni Egaña eta Uxue Alkorta bertsolariek. Hiru belaunalditako ordezkari izan dira, eta hori interesgarritzat jo du Egañak, "hiru talaia eta ikuspegi ezberdin" eman ahal izan dituztelako. Guztira, 11 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta lanen maila "oro har, aintzat hartzekoa eta txukuna" izan dela azaldu du epaimahaikideak. Aurten ohikoa baino hiruzpalau lan gutxiago izan diren arren, espero dute datorren urtean gehiago izatea.

Zopa hozten ari zaizu lan irabazleari dagokionez, "bertsoen berrikuntza formala" azpimarratu du nagusi Egañak; hala nola, errimakera diferentea proposatzen du. "Uste dugu bete-betean asmatu duela Anerrek, berrikuntza bat erantsi eta bertsoek bere naturaltasuna nahiz etorria izaten jarraitzen dute", arrazoitu du.

Bertso Astearen barruan jasoko du saria Peritzek. Uztailaren 7an izango da hori, Bertso Musikatuen barruan, 22:00etan, Torre Luzeako parkean. Ekitaldian, sarituak bere bertso-sorta musikatu eta jendaurrean aurkeztuko du.

 

Erlazionatuak