Argazki kamera, ezinbesteko bidelaguna

Bidaiatzea oso gogoko du Joxemari Olasagastik, baina badu beste zaletasun bat, are handiagoa: argazkilaritza. Oporretara, noski, kamera berekin eraman ohi du oriotarrak, eta herrialdea deskubritzen joaten da argazkiak ateratzen doan heinean. Irudi ikusgarriak ditu bere artxiboan.    

Doan tokira doala, argazki kamera aldean duela joaten da Joxemari Olasagasti (Orio, 1955): familiako ospakizunetara, herriko jaialdietara, estropadetara, eta, nola ez, bidaietara. Ikasle garaian piztu zitzaion argazkilaritzarekiko interesa. "Arrasaten ikasi nuen, eta han, egoitzan, ikastaro bat antolatu zuten. Oinarrizkoa zen, baina zerbait ikasi genuen". Lehendabiziko kamera anaia zaharrak oparitu zion 1977an, ezkondu zenean. "Ezkon bidaian Kubara joan ginen, eta han hasi nintzen argazkiak ateratzen".

Ordutik hamaika bidaia egindakoa da oriotarra, baina denen gainetik, bi nabarmendu ditu: "1987an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera (SESB) joan ginen, eta Armenia, Georgia eta Uzbekistan ezagutu genituen. Uzbekistanek erabat liluratu gintuen, bueltatuko ginela esan genuen, eta 2019an itzuli ginen". Azken urteotan ezagutu duen herrialderik "harrigarriena", ordea, "dudarik gabe, Iran" izan dela dio. "Horren desberdina da han dena... Herrialdea bera ikusgarria da, eta jendea, ikaragarri atsegina". 2016an emaztea eta biak izan ziren han, eta aurki itzultzeko asmoa dute.

Azken urteotan, Iranek harritu du gehien. "Horren desberdina da dena... Tokia ikusgarria da, eta jendea, ikaragarri atsegina"

Gaztetan, Europan barrena ibili izan ziren beren erara, baina bidaia handiagoetara agentziek antolatuta eta taldean joan izan dira. "Erosoago ibiltzen naiz horrela, eta herrialdea deskubritzen joaten naiz argazkiak ateratzen noan heinean". Ez da etxetik dena lotuta eramaten duten horietakoa. "Nahikoa izaten dut lau gauza jakinda; agian, emaztea justu kontrakoa delako izango da".

Olasagastiri, batez ere, jendeak ematen dio atentzioa, aurpegiek, eta haiei ateratzen dizkie argazki gehienak. "Batzuetan baimena eskatzen diet, baina beste batzuetan tranpa txikiren bat egin eta konturatzerako argazkia atera ere bai". Noiz edo noiz arazotxoren bat ere izan du. "Azkenekoa, Uzbekistanen. Bi neska ziren, estalita zihoazen, eta argazkia atera niela konturatu zirenean, haserretu egin ziren. Nigana zetozen bitartean ezabatu egin nuen argazkia, eta gezurra esan nien, ez niela argazkirik atera. Azkenean, horretan geratu zen kontua".