Gaurtik aurrera itxita egongo da San Pelaio tren geralekua

Azpiko pasabidea itxita egongo denez, trenbidearen gainetik igarotzeko azpiegitura berria egokitu dute. (Amaia Urbieta Arruti)

Datozen hilabeteetan Kasino kalearen parean egokitu duten behin-behineko geralekua erabili beharko dute herritar eta bisitari guztiek. Mitxelena eta San Pelaio lotzeko behin-behineko azpiegitura berria erabili beharko da. 

Euskal Trenbide Sareak egin behar dituen eraberritze obrak direla eta, itxita egongo da gaurtik aurrera urtebetez San Pelaio tren geralekua, baita haren azpiko pasabidea ere. Bide horren ordez, trenbidearen gainetik igarotzeko azpiegitura egokitu dute Kortazar zelaiaren parean. Gaurtik aurrera, beraz, Mitxelena kaletik San Pelaio auzora igarotzeko eta alderantziz, behin-behineko azpiegitura berria erabili beharko da. Ekainaren 18az geroztik herriko tren geltoki nagusia ere ez dago martxan, beraz, datozen hilabeteetan Kasino kalearen parean egokitu duten behin-behineko tren geltokia erabili beharko dute herritar eta bisitari guztiek. 

Egingo dituzten lanekin, San Pelaio geralekuko atondoa trenbideko plataformaren azpian kokatuko dute. Bestalde, azpiegituraren dimentsioak ere areagotu egingo dituzte: alde batetik, nasaren luzera 80 metrora handituko dute, hau da, 10 metro gehiago irabaziko ditu; eta bestetik, oinezkoentzako azpiko pasabidearen zabalera sei metrora handituko dute, egun duenaren bikoitza, alegia. Aldi berean, geltokira azpiko pasabidetik sartzeko ahalbidetuko dute, eta egungo trenbidearen trazadura egokituko dute. Aurreikusitako eraberritzeekin hobetu nahi dute geralekuaren irrigarritasuna, edukiera eta kontrola, baita bidearen bi aldeetako herritarren oinezko komunikazioa ere.

Kostu gehigarria onartzea

Iñurritzako geltokiaz gain, trenbideko beste hainbat eremutan ere ari da obrak egiten Euskal Trenbide Sarea. Trenbidearen trazadura egokitzeko, geltoki berria egiteko eta geltokiaren azpiko pasabide berria egiteko obren kostuaren herena bere gain hartzea hitzartu zuen udalak ETSrekin, baina trenbidearen trazadura aldaketa atzera bota eta hasiera batean Mitxelena kalearen aldera egiten ari ziren lanak Lapurdi kalean egin behar dituztenez, horrek eragindako gainkostuaren herena ere ordaindu behar du udalak. Joan den ostegunean egindako ohiko osoko udalbatzarrean onartu zuten kostu gehigarri hori, denera, 539.000 eurokoa.