Zigarrokinak hondartzan ez botatzeko 1.500 kono banatuko dituzte udan

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 8a, 09:00
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia, IƱurritzako biotopoaren sarreran. (Aritz Mutiozabal)

Ingurumen departamentuak hondartza eta biotopoa zaintzeko kanpaina abiaraziko du bihar bertan. Pertsona bat ariko da astean behin jendeari kanalean ezin dela sartu jakinarazten.

Uda sasoian hondartza eta biotopoa zaintzeko kanpaina abiatu du udaleko Ingurumen departamentuak. Zarauztarrekin batera, bisitariak heltzen dira herrira, eta horrek jendez betetzen du kostaldea. "Ondorioz, jende gehien orduan sartzen da biotopora, eta, oro har, hondakin kopurua areagotu egiten da hondartzan", nabarmen du du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. Hain zuzen ere, Eraztun Berde Urdinaren "eremu urdin hori" zaintzen aldera bi jarduketa nagusi egingo dituzte.

Alde batetik, Ingurumen departamentuak herritarrei eskatu nahi die hondartzan ez erretzeko, baina aurten lehen fase bezala, zigarro hautsak eta batez ere zigarrokinak jasotzeko 1.500 konotxo biodegradagarri banatuko dituzte. Hondartzara eramateko hautsontzi berrerabilgarriak izango dira, azken finean. "Zigarrokin bakoitzak itsasoko hamar litro ur kutsatu dezake, eta 50 litro ur geza. Kontuan izanda zerbait topatzen ditugun hondartzan egun batean bakarrik, arazoari adarretatik heldu behar diogula iruditzen zaigu", adierazi du Vazquezek.

Bestetik, kanpainaren bigarren zutabea izango da biotopoa babesten laguntzea. Horretarako, iaz jada jarri zuten zaindari bat biotopoa eta dunen arteko zubi azpitik ez zela igaro ohartarazteko, eta baita biotopoaren ezaugarriak eta espazio zaurgarria dela azaltzeko ere. Aurten, "asmo" berari helduko diotela nabarmendu du zinegotziak, eta pertsona bat egongo da astean behin kanala zaintzen, itsasbehera egokitzen denean; txandaka, ostegun goizetan eta larunbat arratsaldetan. 

Bihartik hasita

Larunbat honetan bertan ekingo diote kanpainari, eta kanpainarako hartu den pertsonak bi funtzio beteko ditu: lehenik eta behin, 15:00ak aldera, hautsontziak banatuko ditu Borghetto inguruan, eta, ondoren biotopoaz arduratuko da; hori 18:00ak arte egingo du. Udako egun bakoitzean, hondartzako gune ezberdinetan arituko da konoak banatzen. Edonola ere, Turismo Bulegoak malekoian jarri duen etxetxoan ere eskuratu daiteke.