Xabier Alberdi: "Atzean itsas herri bat dagoelako lortu zuen Elkanok egindakoa"

Maria Ortega /Gipuzkoako Hitza 2022ko uzt. 10a, 09:00
Alberdi historialaria. (Onintza Lete Arrieta)

Elkano itsasoaren semea izan zela dio Alberdik, eta haren garaiko Euskal Herria ere itsastarra izateagatik lortu zuela munduari bira ematea. Elkanoren bidaiari eta garaiari buruzkoak jaso ditu liburu batean.

Elkano Itsas Herria proiektuak aurten bukatuko du Juan Sebastian Elkanoren bidaiaren bosgarren mendeurrenaren ospakizuna; 2019 eta 2022 artean gogoratu dute gertaera. Euskal Itsas Museoak bultzatuta, Elkano fundazioaren, Albaola museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira liburuak. Azaldu dute zergatik ez den kasualitatea lehen mundu bira hura euskal herritar batek egitea. Xabier Alberdi Lonbide (Zarautz, 1969) Euskal Itsas Museoko zuzendariak idatzi du liburua.

Liburua Elkano Itsas Herria proiektuaren parte da. Zergatik erabaki duzue egitea?

Proiektua ibiltaria da: erakusketa ibiltari bat proposatzen du. Baina bertaratzen den publikoari zerbait eman nahi genion eskura, iraunkorra izango dena. Interesgarria iruditzen zitzaigun zerbait oso dibulgatiboa ematea; eta, horretarako, euskal herritar orok jakin beharko lituzkeen puntuak biltzen dituen lantxo hau egin dugu. Mota guztietako jendea etorriko da, eta Elkanori eta mundu birari buruzko zenbait zertzelada eman nahi dizkiegu.

Diozunez, liburua ez da Elkanoren mundu birari buruz dauden liburuen artean beste bat. Zerk egiten du desberdin?

Nahiz eta ibilbidearen kontakizun bat eduki, hori ere bildu behar baikenuen, oso leku gutxi hartzen du: bizpahiru orrialde. Ez da ibilbidearen kontakizun bat, ez da Elkanoren biografia bat; horrelakoak badaude milaka ikus-entzunezko, film, eleberri… Gure helburua zen geure buruari galdetzea ea Elkanok egindakoa kasualitatea izan zen, eta, galdera horri erantzunda, berehala etortzen zaigu Euskal Herri itsastarra. Elkanok egindakoa ez da izan kasualitatea; atzean itsas herri bat dagoelako lortu zuen egindakoa. Elkano Itsas Herria proiektuaren parte da liburua, eta proiektuaren helburua da itsas herri hori aldarrikatzea, ezagutzera ematea. Liburu honetan, itsas herri horrek egin zituen ekarpenak azaltzen dira.

Liburuaren izenburuak berak galdera bat dakar: “Nola egin zen posible lehen mundu bira?”

Erabat itsasora bideratuta zegoen herri bateko semea zen Elkano. Euskal Herriak mendeak zeramatzan itsasoan; ez zen guztia Elkanorekin hasi: prozesu baten gailurra izan zen Elkano. Teknologiaren eta nautikaren garapena, itsasoko jardueren garapena eta nagusitasuna… XIV. eta XV. mendeetan, euskal ontzigintza gailurrera iritsi zen. Testuinguru horretan sortu zen Juan Sebastian Elkano [Getaria, 1486], eta geroko zenbait egitasmo ere bai, horietako asko euskal jatorrikoak: Ternuako baleen arrantza, Pazifikoko itsasbideen zabaltzea, eta abar.

Entzun gabeko gertakariak ere badaude liburuan, diozuenez.

Inoiz kontuan izan ez dituzten datu asko sartu ditugu. Esaterako, hamarkada askotan entzun izan dugu Elkano Justiziari ihesi zebilen pertsona bat zela, espedizioan disimuluan sartu zela. Hori oraindik ere idazten da. Baina inor gutxik daki, espedizioa baino urtebete lehenago kontratatu zutenean, bere mailako gainontzeko adituek baino %40 gehiago kobratzen zuela. Niri oso esanguratsua iruditzen zait hori. Nire ustez, hankaz gora jartzen ditu iheslaria zela dioten teoriak. Elkanok sona bat eta kontaktu batzuk bazituela erakusten du, eta horrek ez zeukan zentzurik iheslaria balitz.

Elkano “kriminalizatzen” saiatu direla azaldu izan duzue. Zergatik egin dute saio hori?

Nahiko agerikoa da. Komunikabideetan Elkano kriminalizatzen duten iritzi eta artikuluak argitaratu dira. Baina hori ez da ezer berria, joera zaharra da: duela mende bat pasatxotik kriminalizatzen dute. XIX. mendean garai hartako Espainiako lehen mailako zenbait historialarik Elkano bigarren mailan utzi zuten, haien ustez ez zelako horren garrantzitsua. Horretarako, kriminalizatu egin zuten: San Juliango mutinaren erantzule egin zuten, baina aginte bera zuten biren arteko guda zibil bat izan zen hura, ez mutina. Ontzia etsaiei saldu ziela leporatu zioten, gaizkile bat zela… Hau da, munduari bira eman ziola baina hanka zikinak zituela. Horrelakoak orain dela 150 urte baino gehiago ere idatzi zituzten.