Terrazadun ostalaritza establezimenduetan paperontzi txikiak banatuko ditu udalak

'Zarautz, txukun eta garbia' kanpaina aurkezten, Geltoki tabernako Carmen, Leire Arana zinegotzia eta Zurekin elkarteko presidentea Martin ArgiƱano (Zarauzko Udala)

1.200 unitate atera dituzte, Zarautz, txukun eta garbia lelopean, eta asmoa da mahaietan sortzen diren hondakin arinak horietan bota ahal izatea bezeroak.

Zarautz, txukun eta garbia kanpainaren barruan, mahai gaineko paperontzi txikiak atera ditu Zarauzko Udalak, eta egitasmora atxikitzen diren terraza duten ostalaritza establezimendu guztietan banatuko du. Guztira, 1.200 unitate prestatu dituzte, eta lehen banaketa fasean atxikitu diren establezimenduen artean 940 banatuko dira. Guztira 8.750,04 euro (BEZ barne) bideratu ditu udalak kanpaina honetara.

Kanpainaren nondik norakoak azaltzeko eta parte hartzeko, azken hilabeteetan Zurekin Ostalaritza Elkartearekin eta Turismo Bulegoan kontaktua utzita duten establezimenduekin harremanetan jarri dira. Nolanahi ere, bat egin ez duten ostalariek oraindik ere badute kanpainara atxikitzeko aukera, Turismo departamenduaren 943-83 09 90 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zarautz.eus posta elektronikora idatzita.

Egitasmoaren helburua da terrazetako mahaietan sortzen diren hondakin arinak (azukre zorroak, paperezko ezpainzapi txikiak eta abar) mahai gaineko paperontzi horietara botatzea. Halaxe azaldu du Leire Arana jarduneko Turismo zinegotziak: "Izan ere, terrazetan haizea altxatzen denean hondakin hauek erraz erortzen dira lurrera eta, gehienetan, itsasoan edo estolda zuloetan amaitzen dute. Modu honetan, terrazetako erabiltzaileek hondakin arin hauek non bota izango dute”.