Ez dute astebururik onena izan Zarautz Gesalaga Okelango neskek

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 11a, 16:13

Asteburuko bi estropadetan zazpigarren eta zortzigarren geratu da, hurrenez hurren, ZAEko emakumezkoen trainerua. Gizonezkoak laugarren izan ziren larunbatean, eta estropadaren balorazioa egin du Ekaitz Portularrume arraunlariak.

Jardunaldi bikoitza izan dute joan den asteburuan Zarautz Gesalaga Okelango emakumezkoek, Portugaleten (Bizkaia). Larunbatean zazpigarren geratu ziren eta atzokoan, berriz, zortzigarren. 11:40,78ko denbora egin zuten atzo, estropadaren eta banderaren buru izan zen Hondarribiak baino 47 segundo gehiago. Seigarren postuan dago uneotan Zarauzko trainerua sailkapen orokorrean, 23 punturekin. Gertutik jarraitzen dio Hernanik, zazpigarren postuan, 22 punturekin.

Ane eta Maddi Makazaga arraunlariek azaldu dutenez, korrontearen aurka egitea kostatu zitzaien larunbatean, eta igandean kalearekin zorterik ez zuten izan.

Gizonezkoak laugarren geratu ziren larunbatean Pasai San Juanen (Gipuzkoa), aurretik geratu ziren Arkote, Sanpedrotarra eta San Juan. Ekaitz Portularrume arraunlariak estropadan izan zituzten sentsazioak azaldu ditu. Errioan izan zuten estropada, "ur gogorretan", aiarraren arabera. Haize handia zebilen, eta lehen eta hirugarren luzeak bereziki "oso gogorrak" izan ziren. Erlojupeko proba izanik, lehen ziabogara arte "itsu-itsuan" joan zirela azaldu du, eta gainontzeko taldeak beraiek baino indartsuago atera zirela lehen ziabogara; "hori izan zen gure akatsa", dio arraunlariak. "Estropada erdian zortzigarren gindoazen, eta azkenean buelta eman genion kontuari. Alde horretatik, positiboa da irakurketa". Aldapan gora jarri zitzaion estropada Enbata-ri, baina taldeak azken unera arte borrokatu zuen, eta laugarren geratzea lortu zuen. "Denboraldia bukatzerakoan ziur gogoratuko garela atzo lortu genituen puntuez", amaitu du Portularrumek.