Beste hainbat kale ekintza bezala, Kuadrilla Eguna ere ez da ospatu azken bi urteetan COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Aurten, ordea, berreskuratu egingo du festa hori udalak, eta egunak ere iragarri ditu: urriaren 14an eta 15ean izango da, ostiralarekin eta larunbatarekin.
Kuadrilla Eguna antolatzeko, eta "beti izan diren festa herrikoi, alai eta parte hartzaileak izaten jarrai dezaten", Zarauzko Udalak bilera irekia egingo du interesa duen herritar orok bere ekarpenak eta proposamenak egin ditzan egun horietan antolatuko dituzten egitarauaren inguruan.
Bilera uztailaren 20an izango da, asteazkenean, 18:30ean Etxezabalako bilera aretoan (Kale Nagusia, 29). Informazio gehiago nahi duenak edo bertaratu ezin duenak eta ideiak eta proposamenak bidali nahi dituenak, aukera du gazteria@zarautz.eus helbidera idatzita edo 943-00 51 22 zenbakira deituta.