Herriko jolas parkeak berritzen hasi da udala

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 16a, 08:30
Iban San Martin zinegotzia Geltoki parkeko jolas parkean (Argazkia: Zarauzko Udala).

Lanak bost haur parketan hasi dituzte aste honetan: Aritzbatalde plazakoan, Donibane plazakoan, Torre Luzea parkekoan, Geltoki parkekoan eta Santuiturri parkekoan. Urtea amaitu aurretik beste hiru jolas parke eraberritzea aurreikusi dutela azaldu du ohar bidez Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako EAJko zinegotziak.

Zarauzko Udalak herriko hamahiru jolas parke berritu nahi ditu, eta maiatzean esleitu zituen hori burutzeko lanak; guztira 750.000 euroko inbertsioa eskatuko du "haurren irudimena, parte hartzea eta jolas inklusiboak sustatzen dituzten diseinu integratzaileak ezartzeak", Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako EAJko zinegotziak ohar bidez gogorarazi duenez. 

Herriko bost parke aukeratu dituzte aldaketa horiek egiten hasteko, eta aste honetan bertan abiatu dituzte lanak Aritzbatalde plazan, Donibane plazan, Torre Luzea parkean, Geltoki parkean eta Santuiturri parkean. San Martinek jakinarazi duenez, hainbat aste beharko dituzte lanak amaitzeko, eta urtea amaitu aurretik beste hiru jolas parke eraberritzea aurreikusi du udalak.

Oraingoz, ez dute zehaztu zer parke berrituko dituzten gero.