Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak bere jarduerari buruzko informazioa jarri du herriko bi markesinatan

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko eta udaleko ordezkariak, gaur eguerdian Balea kaleko markesinetako batean (Argazkia: Minbiziaren Aurka Gipuzkoan).

Minbiziaren Aurkako Geltokia izena jarri dio elkarteak jarduerari, eta markesinetan elkartearen egoitzara iristeko jarraitu beharreko urratsak jarri dituzte, baita elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuen berri eman ere. Agerraldia egin dute markesinak aurkezteko, eta bertan izan dira, besteak beste, elkarteko Urola Kostako jarduneko presidente Maria Asun Garcia eta Iker Basurko Mugikortasun eta Garapen Ekonomikoko zinegotzia.

Minbiziaren Aurkako Geltokia izeneko ekintza aurkeztu dute gaur eguerdian herrian Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko Urola Kostako jarduneko presidente Maria Asun Garciak eta Iker Basurko Mugikortasun eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak. 

Zehazki, herriko bi markesina aprobetxatuko dituzte elkarteari buruzko informazioa emateko: batetik, elkartearen egoitzara iristeko jarraitu beharreko urratsak jaso dituzte panelean; bestetik, elkarteak doan ematen dituen zerbitzuei buruzko informazioa. Garciak azpimarratu duenez, informazio horri esker, "zerbitzu horiek behar dituzten pertsona gehiagorengana iristea lortuko dugu, minbizia duten pazienteengana eta beraien senideengana". Markesinak elkartearen egoitzatik gertu daude, Balea kalean.

Garciak udalari eskerrak eman dizkio proiektuari laguntzeagatik. Basurkok, berriz, eskertu du elkarteak "Euskadi osoan egiten duen lan nekaezina". Haren esanetan, "ekintza honek, Bus Aktiboaren irudiarekin batera, zarauztarrak gaixotasuna prebenitzearen garrantziaz kontzientziatzeko balioko du, baita horri buruzko informazioa hurbiletik eta modu enpatikoan jaso ahal izateko ere". Hain zuzen, agerraldian esan dute Minbiziaren Aurkako Bus Aktiboa ekintzaren jarraipena dela gaur aurkeztu dutena.

Prentsaurrekoan, Basurkorekin eta Garciarekin izan dira elkarteko zenbait partaide eta langile: Begoña Crespo eta Inaxita Esnal batzordekideak eta Amaia Estala enpresen arduraduna eta Ane Moreno komunikazio arduraduna.