Jendetza bildu da Galiziaren eguna ospatzeko

Goizean goiz hasita, egun osoko egitaraua antolatu du Carballeira elkarteak. Dozenaka herritar elkartu dira Iñurritzako zelaian egin den bazkarian. 

Beroa tarteko, gaur ospatu dute Iñurritzan Galiziaren eguna. Dozenaka herritar gerturatu dira bertara, bai olagarroa jatera, bai bertako kantuak entzutera. 

10:30ean hasi da egitaraua Masustegiko Os Agarimos taldearen eta Zarauzko Carballeiraren eskutik eskainitako Alboradarekin; jarraian, meza izan da San Pelaioko ermitan.

Zalantzarik gabe, jendetza gehiena Iñurritzako zelaian egin den bazkariak bildu du. Izan ere, olagarroa, lakoia, enpanada, tartak, gazta eta Ribeiro eta Albariño ardoak erosi eta dastatzeko aukera izan dute gerturatu direnek. Ilarak luzeak izan dira produktu horiek eskuratzeko. 

Arratsaldean Montetxio abesbatzaren saioa izango da 16:30ean. 17:00etan, aldiz, gaita-jotzaile eta dantzariekin jaialdia eskeiniko dute.