Aurreko ostegunaz geroztik, Angel Azkue artista hernaniarra zenaren margolanak daude ikusgai Sanz Enea eraikineko erakusketa aretoetan.
Margolariak 1997tik 2007ra bitartean ondu zituen koadroek osatzen dute erakusketa eta, erabili zituen tekniken eta bilatzen zuen helburuaren arabera, hiru fasetan bereiztu daitezke lanak, Helena Elbusto komisarioaren arabera.
1997tik 1999ra, "irudi optikoak sortzen" jardun zen Azkue. Perspektibarekin jolastu zuen, eta karratuak, erronboak edota bestelako laukiak baliatuta, moduluak eraiki zituen koadroetan. Egiturak errepikatu egiten zituen koadro berean, eta modu soil horretan, "armonia irudipena" proiektatzen da. "Gogoeta metafisiko sakona" egin nahi izan zuen Azkuek metodo berritzaile horren bidez, eta abstrakzioa oinarri, geometriak eta kolore biziko paletek protagonismoa hartzen dute bere lanetan.
Bata bestearen gainean jarritako planoekin sortutako obrak egin zituen 2000tik 2004ra, eta "infinitua" irudikatu nahi izan zuen modu horretan. "Ordena kosmiko baten barruan dagoen arte geometrikoa" egin zuen lau urte horietan.
2007ra bitarteko lanetan, berriz, zirkulua da gehien errepikatzen den forma geometrikoa. Aurretik landutako barrokismo optikoari uko egin zion garai hartan Azkuek, eta komisarioaren arabera, badirudi lan horietan bizitzari buruzko hausnarketak erakutsi nahi izan zituela hernaniarrak. Urteen poderioz bere arrazoibide pertsonalek izan zuten bilakaera irakurri daiteke erakusketako koadroak interpretatuta.
Uda osoan ikusgai
Erakusketaren inaugurazioan izan ziren Irune Urbieta Kultura zinegotzia, Carmen Urbialde Azkueren alarguna eta Elbusto erakusketaren komisarioa, Sanz Enea kultur etxean, Azkueren obraren inguruko azalpenak ematen.
Hernaniarraren lan koloretsu eta abstraktuak bertatik bertara ikusi nahi dituenak irailaren 18ra arte izango du horretarako aukera, egunero, 18:00etatik 20:00etara.