Eskatu daitezke Kultura departamentuak eskaintzen dituen dirulaguntzak

Abuztuaren 16ra arte eskatu ahal izango da kultur jarduerak, programak, trukeko eta senidetzeko jarduerak edota sormen proiektuak gauzatu ahal izateko dirulaguntza.

Eskatu daitezke kultur jarduerak, programak, trukeko eta senidetzeko jarduerak edota sormen proiektuak gauzatzeko udalak eskaintzen dituen dirulaguntzak. Kultura departamentuak 20.500 euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara, eta abuztuaren 16ra arte egongo da horiek eskatzeko aukera.

Dirulaguntzak irabazi asmorik gabeko Zarauzko kultur edo gizarte arloko elkarteek eskatu ahal izango dituzte. Udalak jakinarazi du salbuespen gisa, Kulturako zinegotziak proposatu eta hala zehazten den kasuetan, Zarauztik kanpoko entitateek ere jaso ahal izango dituztela dirulaguntzak, baldin eta beren jardueraren "zati nabarmen bat" herrian garatzen bada edo herriarentzat interesgarritzat jotzen bada.

Gutxienez 31 urte dituzten pertsona fisiko edo juridikoek eskatu ahal izango dituzte laguntzak, eta taldean aurkezten badira, kideen hiru laurdenek bete beharko dute baldintza hori. Proiektuek ezingo dute aurreko urtean dirulaguntza jaso zutenak izan.

Eskaera udalaren zerbitzu telematikoaren bitartez erregistratu beharko da. Deialdiari buruzko informazio osatua udalaren web orrian aurki daiteke, eta zalantzak argitzeko Kultura departamentura deitu daiteke (943-00 51 20 / kultura@zarautz.eus).