"Lurperatzea bultzatzeko eta prozesuaren jarraipena, kontrola eta fiskalizazioa egiteko ekintzekin jarraituko dugu"

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 21a, 10:00
Trena lurperatzearen aldeko plataformako kideen agerraldia, atzo, gaztelekuan. (Aritz Mutiozabal)

Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformak duela bi hilabete pasatxo ekin zion bere jardunari. Harrezkero, hainbat saio informatibo egin ditu herriko hainbat auzotan, eta 3.000 atxikimendu baino gehiago lortu ditu. Irailean lurperatzean inplikatuta dauden eragileekin biltzeko asmoa du.

Herriko zenbait bizilagunek maiatzaren hasieran abiatu zuten Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataforma, eta azken hilabeteetan hainbat ekintza egin ditu beraien jardunaren nahiz helburuen berri emateko. Atzo arratsaldean, plataforma aurkeztu zuten ofizialki komunikabideen aurrean, gaztelekuko bilera gelan, eta orain arte egindako urratsen berri emateaz gain, aurrerantzean egin asmo dituztenak azaldu zituen Itziar Aldabaldetreku plataformako kideak.

Trenbidea lurperatzeko prozesuak azken urteetan izan duen "geldialdi luzearekin kezkatuta", herritar talde batek hausnarketa prozesu bat egin zuen duela hiruzpalau hilabete. Hausnarketa hartatik ondorioztatu zuen "ezinbestekoa" dela "herritarren protagonismoa, inplikatutako gainerako eragileekin batera, prozesu hori desblokeatzeko, berraktibatzeko eta lurperatzearen azken helburuari begira jarraitu beharreko urratsak bermeekin gauzatu ahal izateko".

Plataformako kideen esanetan, "erabat lurperatzea" da trenbideak herrigunetik igarotzean sortzen dituen "kutsadura akustiko, bisual eta fisikoko arazo larrientzako behin betiko konponbidea". Jakitera eman dutenez, herriko 1.500 familia baino gehiagori eragiten die zuzenean, eta horrek "eragin negatiboa" du herritarren ongizatean eta osasunean. Arazoen artean, gainera, aipatu zituzten Zarautz iparraldea eta hegoaldea banatzen dituen trenbidearen hirigintza hesia, edo trenen trafikoarekin etengabeak diren zaratak, bibrazioak eta horiek etxebizitzetan eragindako pitzadurak.

"Sendotu" egin da

Hausnarketa prozesuaren ondoren, herritarren partaidetza bildu eta "lurperatzearen aldarrikapen historikoari" hauspoa emate aldera, herritarren plataforma bat sortzea erabaki zutela kontatu zuen Aldabaldetrekuk. Maiatzaren 2an ekin zion bere ibilbideari ekimenak, eta, harrezkero, hilabete hauetan plataforma "sendotu" egin da, herriko bederatzi zonalde eta auzotako bizilagunez osatutako talde dinamizatzaile batekin.

Gustura daude herritarrengandik jaso duten erantzunarekin. Izan ere, plataformaren helburuak eta izaera herriko ia auzo guztietan aurkeztu dituzte –Lapurdi-Mitxelena, Vista Alegre, Itxasmendi, Iñurritza, Alde Zaharra, Salbide eta Azken Portu-Aritzbatalde–, herritarren "harrera bikainarekin" eta "jakin-minarekin"; batez beste, saio bakoitzean 40 lagun inguru izan da. Bestalde, helburuarekin bat egiten duten herritarren atxikimenduak ere jaso dituzte, guztira 3.000 baino gehiago; besteak beste, auzoetako jaietan sinadurak bilketak egin dituzte.

Bestalde, Iritako Plan Bereziari "alegazio konstruktiboa" aurkeztu zion plataformak ekainaren 3an. "Udalak irtenbide tekniko bideragarri bat aurkezten zuen, Bizkaia kaletik barrena lurperatuta etorriko litzatekeen trenbidearen irteerarako. Horrela, Iritaren korapiloa konponduko litzateke, orain arte lurperatzearen trazaduraren oztopo nagusia zena". Plataformaren alegazioak, berriz,  eskatzen du lurpeko bideak aire zabalera irteterakoan sortzen duen hesiak Irita aldeko bide-azpiegitura berregokitzea. Horren inguruko azalpenak eman zituen Bartolo Iribar plataformako kideak, beraien ekarpena ongi adierazteko eginiko maketa batean.

Inplikatutako eragileekin bildu

Irailetik aurrera, lurperatzearen aldeko plataformak berriro ekingo dio ekintza planari. Beraien lan ildo nagusietako bat izango da lurperatzean inplikatutako eragileekin (ETSko arduradunekin, alderdietako ordezkariekin...) biltzea, besteak beste. "Bilera horietan mahai gainean jarriko dugun puntu nagusia izango da eragile horiek konpromiso irmoak hartzea, azken helburua lortzeko ezinbestekoak diren bitarteko urratsak lehenbailehen egiteko, hala nola behin betiko trazadura onartzea eta exekuzio-proiektua idaztea", azpimarratu dute.

Proiektua gauzatzeko epe laburrean egutegi bat zehaztu beharko litzatekeela diote, honako ekintza eta jarduera nagusiak jasota: inplikatutako eragile guztien arteko bilerak, gauzatze-proiektua abian jartzeko; exekuzio-proiektuaren definizioa, kronograma eta alderdi ekonomikoa; eragileen artean eta denboran finantzatzeko konpromisoa; eta proiektuaren jarraipenari buruzko lau hilean behingo txostena sortzea.

Trena lurperatzeko plataformak azaldu du prozesuan zehar parte hartzeko prest dagoela. Edonola ere, "proiektua bultzatzeko eta prozesuaren jarraipena, kontrola eta fiskalizazioa egiteko" ekintzekin jarraituko du, orain artean hartutako konpromisoetan oinarrituta.