Emakumeak ere indartsu harri-jasotzen

Lierni Osa iazko Bi Harri Txapelketan. (Ibon Errazu)

Bihar, Bi Harri Txapelketa jokatuko da, eta gizon adina emakume harri-jasotzaile aterako dira plazara, lehen aldiz, tartean Udane Ostolaza oriotarra. Abuztuaren 13an, berriz, gehiago izango dira emakumeak Igeldoko txapelketan.

Azken urtean asko igo da emakume harri-jasotzaileen parte-hartzea plazetan, gero eta gehiago direlako harria jasotzera animatzen diren emakumeak. Ondo ezagutzen du emakumeen harri-jasotze mundua Joseba Ostolaza harri-jasotzaileak; bera izan baitzen Idoia Etxeberria harri-jasotzailearen entrenatzailea oraindik ere emakumeak plazan herri kiroletan ikustea arraroa zen garaian. Etxeberriak kirola utzi bazuen ere, Ostolazaren alaba Udane Ostolaza gazteak hartu du haren lekukoa, eta 16 urte baditu ere, eskarmentu handia du plazetan.

Gaur egun bost harri-jasotzaile emakume aritzen dira Joseba Ostolazaren Harri Eskolan, eta pixkana gero eta emakume gehiago gerturatzen ari direla azaldu du arduradunak. "Nik uste dut harri-jasotze eskolek zeresan handia izan dutela kirolaren zabalkundean. Izan ere, kirol honetan lehen urratsak egitea ez da erraza izaten, behar delako norbait dakiena eta laguntzeko prest dagoena. Azken finean, gure eskolan, baita Izetaren eskolan ere,lan handia egiten ari gara harri-jasotzaile belaunaldi berriak prestatzeko, eta emakumeak ere gogoz ari dira".

Kirola egokitzen

Ostolazak azpimarratu du erakundeak eta federazioak ere laguntza ematen ari direla kirolean gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko. "Emakumeei egokitutako arautegia, txapelketak eta harriak sortu ditugu». Izan ere, Joseba Ostolazak argi du emakumeak harri-jasotzera hurbiltzeko «ezinbestekoa dela" kirola beren baldintza fisikora egokitzea. "Jardunez ikasten da. Idoia Etxeberria ibili zen garaian oraindik oso berria zen emakumeen harri-jasotzea, eta uste dut harri handiegiak jarri zitzaizkiela emakumeei txapelketetan. Idoia Etxeberria 163 kiloko harria jasotzera iritsi zen, eta hori emakume batentzat ikaragarria da". Horregatik, uste du harri txikiagoak jartzeak emakumeak animatu egin dituela, "lehen hasi berri batentzat pentsaezina zelako harri handiekin jardutea".

Gaur egun, txapelketetan gizonezkoen kategorian harri txikiena 100 kilokoa izaten da eta emakumeentzat 50 kilokoa. "75 kiloko harriarekin ere ari dira txapelketak antolatzen, eta espero dut hemendik urte batzuetara emakumeen harri handien txapelketa sortzea, 100 kilotik gorako harriekin".

Abuztuaren 13an, esaterako, Igeldoko Harria txapelketa jokatuko dute Igeldo harri baldarrarekin, eta aurtengoan, lehen aldiz, emakumezkoen lehiaketa ere izango da. Horretarako, Uliako Harria izena eman diotena erabiliko dute. "Txapelketa antolatzen ari zirenean aholku eske etorri zitzaizkidan eta komentatu nien kalkulatu behar dela emakumeek gizonen pisu erdia jaso behar dutela. Mutilen Igeldo harria 134 kilokoa da eta nesken Ulia harriak 70 kilo inguru izango ditu». Txapelketan sei gizonek izena eman dute eta hamar emakumek. «Beraz, aurtengoan emakume gehiago izango dira".

Lehen «oso maila handia»

Hiru aldiz Euskadiko Harri Jasotze Txapelduna izan zen Idoia Etxeberriak ez zuen "sekula" pentsatu ere egin horrenbeste neska bilduko zirenik plazetan harria jasotzen. 2018an erabaki zuen erretiratzea, 12 urtez erreferente izan ondoren, baina gertutik jarraitzen du kirola. "Uste dut gaur egun emakumeen harri-jasotzea puntu politean dagoela. Harriak moldatu egin dituzte eta neska asko dabiltza. Gogoan dut federazioak bilera bat deitu zuela nesken txapelketetako harrien pisua jaitsi ala ez erabakitzeko. Bozketa egin zen eta ni izan nintzen aldatzearen aurka bozkatu zuen bakarrenetakoa. Zergatik? Uste dudalako eskarmentua duen harri-jasotzailea eta hasiberria kilo gehiago jasotzeko gaitasunak desberdintzen dituela. Lehenengoak badaki ahalegin txikiagoa eginda kilo gehiago jasotzen, horretarako teknika eta eskarmentua dituelako". 

Etxeberriak gogoratu du bere belaunaldiko emakume harri-jasotzaileek urteetan egon behar izan zutela etxean entrenatzen, plazara atera ahal izateko. "Orain, berriz, harriak txikiagoak dira eta errazagoa da plazetan debuta egitea", azaldu du. Ildo horretan, uste du bere garaian "oso maila handia" eskatzen zitzaiela. "Bagenekien maila horretan beste neskaren bat animatzea zaila zela. Urteen poderioz, lortu genuen harri handia altxatzea, baina horrek desanimatu egin zituen gainontzeko neskak, oso zaila iruditzen zitzaielako gure mailara iristea".  

Crossfita

Joseba Ostolaza harri-jasotzailearen iritziz pentatloiak bultzada handia eman dio emakumeen parte hartzeari. "Emakumeen bikotekako txapelketa bat antolatu zuten eta oso harrera ona izan zuen, emakume mordoak eman zutelako izena". 

Hala, azken urtetan harri-jasotzen hasi diren asko [gizon zein emakume] crossfit mundutik datozela aitortu du. Horren ondorioz, herri-kirol mundua aldatzen ari dela uste du Ostolazak. "Lehen herri kiroletara gerturatzen zirenak baserri girokoak izaten ziren. Orain, ordea, indarra lantzea gustatzen zaion kirolari asko hurbildu da, eta asko crossfitean ibiltzen dira. Forma fisiko oso ona duten jendea da, oinarri sendo batekin hasten dira harri-jasotzen. Guk eskolan teknika erakusten diegu, baina beren aldetik prestaketa fisikoa egiten badute, emaitza askoz hobea izaten da. Horrekin ez dut esan nahi gerturatzen diren guztiak onak direnik, baina pixkanaka ari dira harri-jasotzaile gazteak nabarmentzen".

Ainitze Zumeta harri-jasotzailea, esaterako, igandean Zarauzko Bi Harri Txapelketan lehen aldiz aterako da plazara. Crossfit eta halterofilia mundutik iritsi da herri-kiroletara, eta «oso gustura» dago. Dena dela, hasieran Jose Ramon Iruretagoienak harri-jasotzea proposatu zionean, ezezkoa eman ziola aitortu du. "Ez nuen ezagutzen kirola eta nahiko astakirtena iruditzen zitzaidan. Gainera, oso lotsatia naiz eta ez ninduen erakartzen jendaurrera, plazara, ateratzeak. Dena dela, nire bikote Paulo Aspiazu hasi zen Izetaren eskolan eta hark animatu ninduen probatzera. Ordurako Lierni Osa eta Lur Errekondo ere bazebiltzan, eta gustura ikusten nituenez, nik ere probatzea erabaki nuen".

Probatu orduko gustatu zitzaion kirola Zumetari eta jarraitzea erabaki du. "Indarra lantzeko kirolak gustatzen zaizkit eta harri-jasotzeak harrapatu egin nau". Hala ere, lehen saioan harriari beldurrez heldu ziola aitortu du. "Hurrengo lau egunetan indarrik gabe egon nintzen, leher eginda. Pixkanaka gorputza ohitzen joan zait, ordea, eta orain oso gustura nago". Gaur egun, crossfita egiten ere jarraitzen du, baina zaletasun gisa. "Batzuk denbora librean mendira joaten dira, eta niri crossfita egitea gustatzen zait sasoiari eusteko".

Erlazionatuak

Bi Harri txapelketako harri baldarrak kiroldegiko sarreran daude ikusgai

kirola

Igandeko Bi Harri txapelketan harri-jasotzaileek altxatu beharreko Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak ikusgai daude Aritzbatalde kiroldegiko sa...