3.850 igerilari batuko ditu 50. Getaria-Zarautzek

Balea Igeriketako Pablo Cazalis eta Leire Arana Kirol zinegotzia. (Balea Igeriketa)

Zarautz-Mollarri-Zarautz bihar goizean jokatuko da, 11:30ean, moilatik abiatuta. Getaria-Zarautz zeharkaldi nagusia, berriz, igandean, ordu berean.

3.850 lagunek hartuko dute parte 50. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian, asteburuan jokatuko diren hiru igeriketa probetan. Zarautz-Mollarri-Zarautz zeharkaldiarekin abiatuko dute urtemugako edizioa bihar goizean, 11:30ean hasita. Moilan hasi eta bukatuko da, 5.000 metroko distantzia osatu ondoren. 350 pertsonak egingo dute igeri, eta horietatik %21a emakumea da.

Igande goizean jokatuko da proba nagusia, 2.850 metroko Getaria-Zarautz zeharkaldia. 3.300 parte-hartzaile irtengo dira Getariko moilatik, denboraren arabera sailkatutako bederatzi multzotan banatuta; multzo bakoitzak kolore ezberdinetako txapela eramango du. Lehen multzokoak 11:30ean abiatuko dira.

"Probaren kalitatea eta segurtasuna" bermatzen ahalegindu direla nabarmendu du Pablo Cazalis Balea klubeko kide eta probaren antolatzaileak, baina baita 50. urtemugari "kutsu berezia" ematen ere.  Zentzu horretan, maila handiko parte hartzea izango da biharko nahiz etziko probetan; besteak beste, Erica Villaecija igerilari olinpikoa, Candela Sanchez, hainbatetan irabazle izan den Pol Gil eta probaren errekorra duen Iñaki Salaberria nabarmendu dituzte. Eta horiekin batera, Ainhoa Murua eta Nikolas Illarramendi zarauztarrak.

Hirugarren proba gazteen zeharkaldia izango da, eta helduena jokatu baino lehen egingo da, Zarauzko hondartzan, 10:00etan hasita.

Urteurrenaren harira, 25 ediziotan edo gehiagotan parte hartu duten 20 igerilariri oroigarri bana emango zaie probaren egunean. Era berean, Carlos Santana donostiarrak 50. aldiz egingo du igerian, eta sari berezia jasoko du.

Leire Arana kirol zinegotziak, bere aldetik, zorterik onena opa zien parte-hartzaile guztiei eta Balea Igeriketa Kirol Elkartea zoriondu zuen zeharkaldiaren 50. urtemugagatik.“Zarauzko herriarentzat eta kirola maite dugunontzat hitzordu seinalatua da hau”.