Pol Gil eta Candela Sanchez bigarrenez garaile Zarautz-Mollarri-Zarautz proban

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 23a, 16:30
Pol Gil igerilari katalana helmuga zeharkatzen. (Aritz Mutiozabal)

Iaz jarritako marka hobetu dute garaileek. Gainera, 2021ko podiumak errepikatu egin dira ia-ia; gizonezkoetan bigarren egin duen Hugo Alberto Alves da nobedade bakarra. Guztira, 239 igerilarik osatu dute proba.

Faboritoek ez dute hutsik egin, eta iaz bezala, Pol Gil katalana eta Candela Sanchez madrildarra nagusitu dira gaur eguerdian II. Zarautz-Mollari-Zarautz igeriketa zeharkaldian. Aurten, moilan hasi eta bukatu da proba, baina ibilbidea lehen edizioko bera izan da, Mollarira joan-etorria, 5.000 metroko distantzia. Garaileek, biek ala biek, iaz jarritako markak hobetu dituzte gainera: Gilek ordu bat, minutu bat eta 18 segundoan geratu du denbora (2021ean baino minutu bat gutxiago), eta Sanchezek ordu bat, lau minutu eta hiru segundoan (2021ean baino bost minutu gutxiago).

Aise irabazi du bakoitzak bere kategorian. Gizonezkoetan, Hugo Alberto Alves portugaldarra sailkatu da bigarren postuan, Gilengandik ia minutu batera (01:02:12), eta hirugarrena Adna Mustafic gorliztarra izan da, iaz bezala, minutu eta 16 segundora (01:01:18); azken honek ere bere denbora hobetu du.

Emakumezkoetan, berriz, iazko podiuma errepikatu da. Sanchezen atzetik, hurrenez hurren, Laura Rodriguez katalana (01:07:12) eta Itxaso Alonso bilbotarra (01:08:20) helmugaratu dira; hauek ere bizpahiru minutu hobetu dute iazko denbora.

Oro har, igerian egiteko baldintza ezin hobea izan dute proban parte hartu duten igerilariek. Eguzkia lagun eta itsasoa nahiko bare topatu du dute; nahiz eta Mollarri aldean urak nahiko mugituak izan dituzten, eta horrek hainbaten erritmoan eragin duen. Orotara, 239 lagunek osatu dute proba, izena emandakoak ia ehun gehiago baziren ere. Edonola ere, jendea pozarren eta harro helmugaratu da egindako balentriarekin gustura, moilara bertaratu den animo eta txalo artean.

Zarauztarren artean bizkorrenak Unai Agirre (01:11:30) eta Haizea Ribera (01:32:48) izan dira. Agirre hamaikagarrena izan da gizonezkoen sailkapenean, eta Ribera hamazazpigarrena emakumeen sailkapenean.

SAILKAPENAK HEMEN IKUSGAI

Erlazionatuak