Garaipen bikoitza Pol Gil eta Candela Sanchezentzat

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 24a, 17:15
Pol Gil eta Candela Sanchez, 50. Getaria-Zarautz probako irabazleak. (Aritz Mutiozabal)

Atzo Zarautz-Mollarri-Zarautz proba irabazi ondoren, gaur beste horrenbeste egin dute Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Guztira, 3.300 parte hartzaile espero baziren ere, azkenean 2.224 lagunek osatu dute 50. edizioko proba.

Fabori nagusi gisa etorri ziren Pol Gil katalana eta Candela Sanchez madrildarra 50. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldira, eta beraiengandik espero zena hizki larriz erakutsi dute bi egunetan jarraian. Atzo, aise irabazi zuten 5.000 metroko Zarautz-Mollarri-Zarautz proba luzea, eta gaurkoan nagusitasun hori berretsi egin dute Getaria-Zarautz proba nagusian. Gil izan da bi herriak banatzen dituen 2.800 metroko distantzia osatzen lehena gizonezkoetan, 33 minutu eta bi segundoko denboran, eta gauza bera egin du Sanchezek emakumezkoetan, 34 minutu eta 34 segundoan.

Igerilari katalanak onartu du probako errekorra izan duela buruan, baina ezin izan du hautsi; Iñaki Salaberria irundarrarena da egun dagoen marka, 31:47koarekin, 2017an lortutakoa. Edonola ere, minutu bateko aldea atera dio Hugo Alberto Alves portugaldarrari (34:02); Alves ere bigarrena izan zen atzoko proban. Hirugarren postua, berriz,  Unai Arruabarrena hondarribiarrarentzat izan da, garailearengandik minutu eta bost segundora helmugaratuta (34:07).

Candela Sanchezek ere ez du areriorik izan, eta bi minutu pasatxoko aldearik irabazi du zeharkaldia. Podiuma atzoko parte hartzaile berek osatu dute, baina postuz aldatu alegia. Gaurkoan Itxaso Alonso bilbotarra iritsi da bigarren postuan (36:58), eta Laura Rodriguez katalana hirugarren tokian (37:49).

Zarauztarren artean bizkorrenak Jon Unanue eta Ainhoa Murua izan dora, eta getariarren artean, Iorus Iribar eta Aitziber Alvarez.

Urtemugak eta omenaldiak

Guztira, 3.300 lagunek zuten izena emanda gaurko probarako, baina azkenean 2.224 izan dira zeharkaldia osatu dutenak. Getariko moilatik egin dute irteera, denboraren arabera sailkatutako bederatzi multzotan banatuta; bakoitzak bere multzo koloreko txanoarekin, txandaka. Lehen multzokoak 11:30ean abiatu dira, eta haiekin batera irten da Carlos Santana donostiarra, semea lagun zuela, 50. aldiz zeharkaldia egitera. Txalo artean hartu dute uretan igerilari guztiek irteera puntuan, baina iritsieran ere.

Urteurrenaren harira, 25 ediziotan edo gehiagotan parte hartu duten 20 igerilariri oroigarria eman diete, eta, era berean, Carlos Santanak 50. aldietan -orain artekio edizio guztietan- parte hartzeagatik sari berezia jaso du antolakuntzaren eskutik.