Zelai III.a eta Urra nagusi aurten ere Bi Harri Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 25a, 11:15

Harri-jasotzaile mallabitarrak eta zarauztarrak Jai Txiki eta Mollarri harriekin aurkaririk ez dutela erakutsi zuten atzo arratsaldean, Aritzbatalde pilotalekuan.

Bi Harri Txapelketako iazko garaileak ziren Karmele Gisasola Zelai III.a mallabitarra eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarra. Aurtengo lehia irabazteko faborito nagusiak ziren, eta aurreikuspen guztiak bete egin ziren. Aise irabazi zuten 33 eta 28 jasoaldirekin, hurrenez hurren: Zelai III.ak iaz berak ezarritako probaren marka bi altxalditan hobetu zuen; Urra, berriz, berak jarritako markatik hiru altxalditara geratu zen.

Azken urteetan emakumezkoen kopuruak gora egin du harri jasotze esparruan, eta aurtengo txapelketako parte hartzea parekidea izan da: seina gizonezko eta emakumezko aritu ziren lehian. Egundoko erakustaldia eman zuten txapelketan parte hartu zuten harri-jasotzaile guztiek, eta proba bertatik bertara ikustera joan zirenek gozatu ederra hartu zuten. Txalo artean eta animoak emanez aritu ziren ekitaldi osoan. 

Emakumeak izan ziren lanean hasten lehenak; zazpi minutuko saioan Jai Txiki (63 kilo) eta Mollarri (51 kilo) harriak erabili zituzten, horiek tartekatuz. Zelai III.ak lortu zituen jasoaldi gehien, baina lehia polita egon zen bigarren posturako: Lur Errekondo usurbildarrak eta Ainitze Zumeta zarauztarrak 28rekin berdindu zuten, baina Zumeta bietan arinena denez, beretzat izan zen bigarren postua. Lierni Osak lan polita eginez, laugarren bukatu zuen 24 altxaldirekin, eta Marina Blanco valentziarrak bosgarren, jasoaldi bat gutxiagorekin. Udane Ostolaza izan zen txapelketako gazteena, eta seigarren bukatu bazuen ere, saio serioa osatu zuen, 19 altxaldirekin.

Gizonezkok ere dinamika bera erabili zuten; hau da, partaideek zazpi minutuko tanda bat egin zuten Jai Txiki (117 kilo) eta Mollarri (119 kilo) harriak tartekatuz. Inor ez zen gerturatu Urraren 28ko markara, eta sei jasoaldiko aldearekin irabazi zuen, Emakumezkoetan bezala, berdinketa izan zen bigarren postuan: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra eta Paulo Azpiazu osintxuarra 22na lortu zituzten, baina Izeta IV.a arinagoa denez, beretzat izan zen bigarren postua. Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra,  Xabat Olaizola zarauztarra eta Gorka Etxeberria oriotarra, berriz, koska bat beherago aritu ziren, 18, 17 eta 15 altxaldirekin.