Saharako haurrak bueltan dira, bi urteren ondoren

Dozena bat haur sahararrek Urola Kostako egonaldiaz gozatzeko aukera izango dute aurtengo udan, aurreikusitako datak baino beranduago bada ere. Darahli eta Saharautz elkarteetako bozeramaileek etorreraren inguruko xehetasunak eskaini dituzte, programaren gorabeherak eta geopolitika tarteko.

Bi urte igaro dira COVID-19 pandemiak Saharako haurren udako egonaldiak eten zituenetik. 2022ko udako itzulera, gainera, “aldrebestu” egin dela ziurtatu dute Samuel Ruiz Zumaiako Darahli elkarteko koordinatzaileak eta Xabier Euzkitze Zarauzko Saharautz elkarteko lehendakariak.

Berez, Darahliko haurrak ekainak 28 eta 29 artean iristekoak ziren, baina azkenean uztailaren 23an heldu dira; ia hilabete beranduago. Saharautzekoak ere antzera ibili dira: teorian uztailaren lehen astean etortzekoak zirenak joan den larunbatean iritsi ziren.

Atzerapenon atzean hainbat zergati egon daitezkeela susmatzen du Ruizek. Lehenik eta behin, pandemiaren ondoren Fronte Polisarioko Osasun Ministerioak “kezka ugari” izan omen ditu txertaketei dagokionez. “Ez zekiten haurrak txertatu beharko zituzten ala ez”, azaldu du koordinatzaileak.

Loturak eta korapiloak

Bestetik, sahararrek egonaldirako protokoloak aldatu dituztela gogora ekarri du elkarte zumaiarreko arduradunak: “Zortzi eta hamabi urte bitarteko neska-mutiletatik, zortzi urteko haurrak bakarrik bidaltzera pasa dira, denak berriak”. Zentzu horretan, harrera-etxeetan, nerabezaroan sartutakoekin harremanak “gatazkatsuagoak” izan direla argitu du Ruizek. Beraz, familiek irizpide berriak begi onez ikusi dituzte.

Hala ere, aitortu duenez, Euskal Herritik ez zen hainbesteko atzerapena espero. Espainiako Gobernuak Maroko zein Sahararen inguruan hartutako jarrerak bere eragina izan du, eta ez txikia gainera. Euzkitzek gogora ekarri duenez, haurrek hesi administratibo hiruikoitza gainditu behar dute bidaia egin ahal izateko: Saharakoa, Aljeriakoa eta Espainiako Estatukoa. “Gauza asko gure eskumenetik kanpo egoten dira”, ziurtatu du Saharautz elkarteko zuzendariak.

Geopolitikaren garrantziaz

Magrebeko geopolitikak azken hiru hamarkadetako tentsio-igoerarik handienetarikoa jasan du: Maroko eta Sahararen artean talka militarra jazo da, Aljeria eta Marokoren arteko tentsioa igo da, gasaren diplomazia ez da bere unerik gozoenean Aljer eta Madrilen artean ere, eta hori gutxi balitz, Marokok ere presio ugari egin dizkio Espainiako Estatuari, pertsona migratzaileak erabilita.

Hona datozen haurrak Aljeriako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi direnez, Marokoko Erreinuaren eta Fronte Polisarioaren arteko gerra ez dute zuzenean bizi. Baina hala ere, Ruiz ziur dago gatazkak haurrongan duen eraginaz: “Guri oso informazio gutxi iristen bazaigu ere, hona datozen haur askoren senideak gerran daude, eta halaxe kontatzen dute Euskal Herrira etortzen direnean”. Egoera hori guztia sahararrek txikitatik “kezkaz” bizi dutela ziurtatu du zuzendariak: “Euren hildakoez mintzo dira, noski eragin diela”.

Hori gutxi balitz, haur sahararrek geroz eta muga gehiago dituzte Euskal Herrira etortzeko. Izan ere, elkarte zumaiarraren bozeramaileak adierazi duen bezala, “Espainiako, Frantziako, Estatu Batuetako eta Alemaniako gobernuek Marokoren alde apustu egin dute, eta Sahara are baztertuago geratu da”.

Gauzak horrela, Darahli bezalako elkarteen lanaren urgentzia azpimarratu du Ruizek, baina euren mugez ere jabetzen da: “Guk sentsibilizazio ariketa egin dezakegu, proiektu txiki eta puntualekin”. Horien artean leudeke, besteak beste, urtero egiten dituzten ur-biltegien bidalketak, muturreko bazterketa jasaten duten familiei urtean 100 euroko laguntza ekonomiko txikiak ematea, eta abar. “Euskal Herrian galduta edo ahaztuta dagoen egoera bat mahai gainean jartzea”, horra Sahararen aldeko elkarteen erronka, Ruizen hitzetan.

Laguntza humanitarioaren alorrean aritu arren, Ruizek ez du arazoaren funts politikoa ezkutatzen. Bere ustez, pilota Moncloako teilatuan dago, Espainiako Gobernuarengan ikusten baitu egungo egoera desblokeatzeko giltza eta ardura. Gertakariak norabide txarrean joanagatik ere, Darahliko zuzendariak ez du etsipen izpirik ikusten sahararren begietan; alderantziz. “Ziur daude honi buelta emango zaiola, baina nik ez dakit hala izango den... beste 45 urte egon behar dute horrela?”, kexu da.

Ruizek ohartarazi duenez, bizi-baldintzak geroz eta kaxkarragoak dira Saharan, eta bertako belaunaldi berriek Europara ihes egiten dute pixkanaka. “Sahararrek etengabe diote Nazio Batuen Erakundearen eta Europar Batasunaren ebazpenak haien aldekoak direla”, gogora dakar koordinatzaileak. Hala ere, nazioarteko legeen eta errealitatearen arteko kontraesana agerian utzi du: “Justiziak arrazoia ematen die, arrazoia dutelako. Baina arrazoiarekin ez da nahikoa, zerbait gehiago behar da”, ondorioztatu du.

Familia bolondresen beherakada

Harrera-familiak lortzeko lanaren emaitzak ez dira berdin ikusten Zumaiatik eta Zarauztik. “Bi urtez programa bertan behera geratu zenez, kezkati ginen familiak lortzeari dagokionez”, aitortu du Ruizek. Hala ere, pozik azaldu da Zumaiako emaitzekin: “Gipuzkoa osoan familia gehien lortu dituztenak izan gara”.

Euzkitzek Zumaiakoa salbuespena dela ikustarazi du, ordea. Beste toki gehienetan lauzpabost familia aurkitzea ere “asko” kostatzen ari dela ziurtatu du. Zarauztik, adibidez, “larrialdi deia” egin behar izan dutela aitortu du Saharautzeko lehendakariak; gaitz kardiobaskularra duen bosgarren haur bat kanpo gera ez zedin. Aiako familia batek jaso du azkenean, baina larri halere.

Zumaiako Herri Eskolaren eta Darahliren iniziatibaren eraginkortasuna txalotu du Euzkitzek. Harremanak “estuagoak” izaten omen dira bertan, ikasleak Saharako kanpalekuetara joaten direnez gero. Ondorioz, lotura pertsonal horietatik elkartasun-sareak sortzea “errazagoa” dela uste du. “Kasik, joera ezkor hori gainditzea lortu duen herri bakarra” izan da omen da Zumaia. Bestelako tokietan, kontrara, “oso zaila” ikusten du harrera-etxeak topatzea; Urola Kostan, Gipuzkoan zein Hego Euskal Herrian. “2008an piztutako krisialdi ekonomikoaz geroztik nagusitu den giro ezkorraren erdian” kokatzen du Euzkitzek fenomeno hori.