"Balia dezagun historia etorkizun hobe bat eraikitzeko"

Manu Etxezortu esataria, artxiboko irudi batean, Zarautzen. (Onintza Lete Arrieta)
Datorren denboraldi osoan Beste 40 urtean irratsaioa egingo du Manu Etxezortu Zarauzko bizilagunak Euskadi Irratian. Irratiaren 40. urteurrena baliatuz, gizartean izandako aldaketak aztertuko ditu.

1991tik ari da EITBn Manu Etxezortu (Andoain, Gipuzkoa, 1969). 24 urte egin ditu Faktoria-n. Saio horretan egindako bidea amaitu du, baina ez du erretiroa hartu zenbaitek hala pentsatu duten arren. Irratian jarraituko du.

Uztailaren 8an aurkeztu zenuen Faktoria azkeneko aldiz. Zer sentitu zenuen?

Sekulako emozioa, ikusita lankideek egin zidaten ezusteko omenaldia. Oso hunkigarria izan zen; lankideen eta kolaboratzaileen mezuak grabatu zituzten, kanta bereziak, bertsoak... Oso estimatua eta maitatua sentitu nintzen.

Zer izan da zuretzat Faktoria?

Faktoria izan da nire bizitzaren zati handi bat. Ia 24 urte egin ditut saioan: goizeko albistegia aurkezten eman nituen bederatzi denboraldi; eta gero pasatu nintzen magazinaren partera, gehiago entretenimendura begira, eta hor egin ditut hamabost urte. Oso aberasgarria eta pozgarria izan da bidea, asko ikasi dut. Etorri diren gazteei gauzak erakutsi dizkiet, eta haiengandik ere asko ikasi dut. Sare sozialei buruz haiengandik ikasi dut, adibidez.

Irratigintzan hasi zinenetik zer da ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?

Jendeak esateko daukana entzun egin behar dela. Mundu guztiak dauka istorio bat kontatzeko, eta mundu guztia entzun behar da arretaz. Ikasi dut entzuten, eta gero hori kontatzen nire hitzetan. Faktoria-n, bestalde, era guztietako jendea ezagutzeko aukera izan dut. Entzuleak ere bai: urteotan entzule ugari arrimatu zaizkit entzuten nautela esatera.

Irakurri elkarrizketa osoa.