Oriamendik eta Zarauzko Udalak antolatuta, punta-puntako erremonte txapelketa jokatuko dute asteburu honetan Zarautzen, Aritzbatalde pilotalekuan. Bihartik igandera arte iraungo du lehiak, eta 17:30ean hasiko dira partidak hiru egunetan. Atzo aurkeztu zuten txapelketa udaleko pleno aretoan, eta bertan izan ziren parte hartuko duten pilotariak, Xabier Txurruka alkatea, Leire Arana Kirol zinegotzia eta Oriamendiko arduradun Xabi Gonzalez. Azken horrek eskerrak eman zizkion "Zarauzko herriari", erremontea hedatzeko bidean txapelketa hau "garrantzitsua" delako.
Bi txapel izango dira jokoan asteburuan. Batetik, A multzoko txapelketa nagusia izango da, erremontista onenekin eta, bestetik, B taldekoa. Bi multzoetan launa bikotek jokatuko dute, finalera bina sailkatuko dira eta igandean erabakiko dira bi bikote txapeldunak.
Multzo bakoitzeko bi finalerdi jokatuko dira bihar, eta beste bi finalerdiak larunbatean jokatuko dituzte.
Honako partidak jokatuko dituzte bihar: A multzoan, Aldabe eta Barrenetxea IV.a, Ansa II.a eta Azpirozen aurka; B multzoan, Zaldua-Martirena, Etxarri-Labakaren aurka. Etzi, bigaren finalerdietan, A multzoan lehiatuko dira Urriza-Zubiri, Ezkurra II.a-Juanenearen aurka; B multzoan, Goikoetxea V.a-Odei, Loitegi-Apezetxearen aurka.