"Euskal Selekzkioaren aldeko herri mugimendurik ez denez sortu, erabaki dugu mendi martxa hau izatea azkenekoa"

Artxiboko irudian, Euskal Selekzioaren Aldeko mendi martxa bateko irudia.

2013tik Txumai Iturria zarauztarra da egitasmoaren arduradun nagusia, eta hark azaldu ditu erabakiaren arrazoiak. Joan den larunbatean abiatu zen 20. mendi martxa Bizkaian, eta larunbat honetan iritsiko dira partaideak helmugara, Getariara. Han ekitaldi berezia egingo dute plazan, eta herri bazkariarekin, festa giroan, amaituko du ibilbidea Euskal Selekzioaren aldeko aldarri horrek.

Euskal Selekzioaren aldeko 20. mendi martxaren azken bi etapak eskualdean izango dira, azkenaurrekoa Azkoititik Zestoara artean, eta azkena Zestoatik Getariara. 2013tik egitasmoaren arduradun nagusia izan da Txumai Iturria zarauztarra, eta jakinarazi du urteurren borobil honekin amaituko duela mendi martxak bere ibilbidea. "Getaria izango da ekintza honen azken etapa".

Salbatore egunean, abuztuaren 6an, larunbatarekin, iritsiko dira kostaldeko herrira, 13:45 inguruan, eta plazan ongietorri ekitaldia egingo diete getariarrek. "Alkatearen agurra jasoko dugu, eta guk ere zabalduko dugu gure mezua". Ondoren, jaietan antolatuta dagoen herri bazkarian parte hartuko dute mendi martxako kideek. "Hainbat herrialde eta eskualdetako 80 euskal herritar inguru elkartuko gara", zehaztu du.

20. Mendi Martxa Bizkaian hasi zuten, Aiangizen, joan den larunbatean; Bolivarrera arteko bidea egin zuten. Igandean Bolivarretik Durangora egin zuten, eta gaur, astelehena, Durangotik Otxandiora joango dira. Bihar, asteartea, Otxandiotik Aramaiora joango dira, Araban sartuz, eta asteazkenean, Aramaiotik Bergarara arteko bidea egingo dute.

Ostegunean iritsiko dira eskualdera, Bergara eta Azkoitia arteko bidea egingo baitute. Ostiralean Azkoititik Zestoara joango dira, eta larunbatean, azkenik, Zestoatik Getariara.

Egindako lanarekin gustura

20 urtez Euskal Herri osoa zeharkatu dutela azpimarratu du Iturriak, eta ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeaen aterkipean sortutako egitasmoak aurrera jarraitu zuela 2015ean hura desagertu zenean ere. "Orain, ordea, Euskal Selekzioaren aldeko herri mugimendurik ez denez sortu, eta geure leku naturala hor kokatzen baitzen, erabaki dugu aurtengoarekin behar den amaiera ematea, nolabait gozatuz eta ospatuz".

Iturriaren arabera, "sentimenduak ez dira aldatzen, eta selekzioaren gaiak hor jarraitzen du, nahiz eta momentu honetan ziurrenez ez duen une oparoena bizi". Berak argi du zer behar den: "Falta dena da sentimendu horiek aktibatzea eta aktibatzen asmatzea. Guk beti esan izan dugu gogo hori bideratuko lukeen mugimenduak egon beharko lukeela bai instituzioen partetik, bai kirolarien eta herritarren partetik. Eta hori, gaur ez bada bihar, sortuko da".

Beraiek egindako lanaren balorazio positiboa egin du Iturriak. "Guk geure lana egin dugu eta gustura goaz, 20 urte hauetan pasatu ditugun herri eta auzoetan jaso dugun berotasuna ikaragarria izan delako. Baina pendiente gelditzen da selekzioaren ofizialtasunaren aldeko borroka, eta horri segida emango dion zerbait sortuko da. Ez dakigu nolakoa izango den, zer forma hartuko duen, baina sortuko dela, horretaz ziur nago". Iturriak argi dauka etorkizunean, "laguntzeko eta behar denerako" egongo dela jendea, baita bera ere.