Hodei Esteban: "Harmonia aldetik, Estricallak baino akorde disonanteagoak eta bereziagoak ditu Bazkak"

Bazka taldeko kideak. (Utzitakoa)

Bazka taldea sortu dute Hodei Esteban zarauztarrak, Fer Apoak, Txomin Urrizak eta Erik Berganzak. Galder Izagirre bateria-jotzaileak ere bat egin du proiektuarekin Basoaren ilunean dantzan diskoa grabatzeko. Estebanek talde berriaren sorreraren nondik norakoak azaldu ditu, eta aurreratu duenez, zuzenekoak urrian edo azaroan hasiko dira eskaintzen. 

Estricallaren errautsetatik sortu den zerbait al da Bazka? 

Esan daiteke, bai. Duela hiruzpalau urte Estricallako bateria-jotzaileak taldea utzi zuen, eta geldialdi bat egitea erabaki genuen. Gero berriro martxa hartzen hasi ginen bateria-jotzailerik gabe, eta prozesu horretan Galder [Izagirre, bateria-jotzailea] batu zen proiektura. Orduan izena aldatzea erabaki genuen. Lehendik ere, Estricallaren aurreko diskoa plazaratu genuenean, pentsatu genuen izen aldaketarena, taldean hasieran zeudenetatik gero eta gutxiago gelditzen baitziren. Azkenean ez genuen aldatu, baina, zuk esan bezala, Bazka Estricallaren jarraipen modukoa da. 

Eta esentzian, berdina izaten jarraitzen al du? 

Aurreko diskoan ez ginen ausartu aldaketa egitera, estilo aldetik antzerakoa izan zen, baina oraingo honetan estilo aldetik ere beste jauzi bat dago. Musika aldetik ezberdina da. Abiadurarik ez dago, eta hori da Estricallaren ezaugarrietako bat. Beste ezaugarri batzuekin jarraitzen dugu, adibidez, intentsitatearekin. Harmonia aldetik, disonantziak eta akorde bereziagoak ditu Bazkak. Horren bidez ere justifikatu dugu, nolabait, izena aldatzearena.

Astunagoa ere bada, ezta?

Hori da. Estricalla hardcore zen gehiago, eta hau posthardcore-a. Rock ukitu handiagoa dauka, 90eko hamarkadako grunge dezente, eta horrekin nahastuta, noisy puntua. 

Zergatik ipini diozue Bazka izena? 

Ez dakit zergati zehatza. Izena pentsatzen ari ginenean, hasiera batean, jolasa egin nahi genuen Estricallaren antzeko izena jartzen, baina ez genun ezer interesgarririk topatu. Bazka proposamena iritsi zen eta gustatu zitzaigun soinu aldetik. Gainera, plazaratu dugun diskoan animaliak dira protagonista, horiek dira diskoari lotura ematen dioten ildoa, eta bazka animalientzako janaria denez, pentsatu genuen ondo zetorrela. 

Zeuk esan duzu, animaliekin lotuta daude abesti guztiak. Kontzeptuala al da diskoa?

Protagonsita dira animaliak, baina kantu guztiak ez dira animalien ingurukoak. Kontatzeko moduan, sortzen ditugun paisaietarako animalietara jo dugu. Basoa, animaliak, ehiztariak... atmosfera horretan ibili gara, eta letrak animaliekin lotu ditugu. Jolas ezberdinak egitea asko gustatzen zaio abeslariari, eta disko honetako abestiak sortzerako garaian horixe izan da erronka, eta baita jolas moduko zerbait ere.  

Basoaren ilunean dantza da diskoaren izena. Horrek borobiltzen du zer datorren diskoan?

Hori da, bai. Batetik, basoaren iluna dago. Musika iluna da, giro eta pasarte ilun dezente ditu, eta dantzak argi apur bat ematen dio. Iluntasun horretan dantza egingo dugula, gozatuko dugula esaten du. Jolasetik ere badu, izenburuak gogorarazten baitzigun Iluntasunari barre Kuraiaren diskoa. 

Zer-nolako feedback-a jaso duzue Estricallako jarraitzaileengandik? 

Oso erantzun ona izan dugu. Bageneukan lehendik jarraitzaile taldea, eta jendeari asko gustatu zaio. Ekidin ezina da jendeak konparaketak egitea, eta zenbaitek Dut eta Kuraiaren arteko nahasketatzat jo du Bazka. Hori guretzat ohore handia da, noski, gu talde horiek entzuten hezi ginelako, beraz, barruan ditugu erreferentzia horiek. 

Pentsatzen egon ginen diskoa nola egin publiko. Gaur egun edozein taldek erabiltzen ditu munduko talde handienek erabiltzen dituzten marketin estrategiak. Hasieran espektatibak sortu: "kontuz", "gauzatxoak datoz" eta halako mezuak zabalduta. Gero errealitatea da talde horren jarraitzaileak ez daudela une oro horri begira. Denbora guztian gaude sare sozialetan, orduan, zerbait ateratzen duenean gure talde kutunak enteratzen gara, entzuten dugu eta kito. Geure burua apur bat erridikulo ikusten genuen estrategia hori jarraitzen, beraz, oraingoan sinplea egitea erabaki genuen, zuzenean. Taldea publiko egin genuenetik astebetera disko guztia publiko egin genuen, single edo aurrerapen kanturik gabe. 

Noiz grabatu zenuten? 

Urtarrileko azken astean egin genuen grabaketaren zatirik handiena, Bonberenean. Gero, ahotsak Irunen grabatu genituen lasai-lasai Ferren [Apoa, abeslaria] etxean. Denbora gehiago hartu dugu ahotsentzat. Gero, nahasketak ere Bonbereneako Txapek egin zizkigun, soinu mota hauetan aditua dela iruditzen zaigu. Masterizazioa, berriz, Victor Garciarekin egin dugu, Ultramarinos estudioan. 

Zuzenekoekin noiz hasiko zarete?

Urri aldera egiteko asmoa daukagu. Danok ere kontu pila bat dugu eskuartean, eta ez gara astero elkartzen entseatzeko. Oso pausoka ari gara: orain diskoaren promozioarekin gabiltza, eta asmoa da zuzenekoak urri aldera egitekoa, baina ez dakigu, agian beranduago izango da. Gainera, Galder [Izagirre, bateria-jotzailea] proiektuan printzipioz diskoa grabatzeko sartu zen, eta hasiera batean ez du zuzenekorik eskainiko. Espero dugu lehenbailehen zuzeneko kontzertuak iragartzeko moduan izango garela.