Udalerri Jasangarrien Sarearekin duen konpromisoa berretsi du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 30a, 09:00
Zarautz 2030 bulego teknikoa aurkeztu zuten duela hainbat hilabete. (Zarauzko Udala)

Herriko eragileekin elkarlanean jarraitzen du udalak, Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren barruan dauden helburuak betetzeko sinergiak bilatzen. 

Udalsarea 2030-Udalerri Jasangarrien Euskal Sarearekin daukan akordioa berritzea erabaki zuen aho batez atzo Udalbatzak, uztaileko osoko bilkuran. Akordio honen bidez udalak konpromisoa hartu du garapen jasangarriaren alde egiten jarraitzeko, Udalsarea 2030en helburuekin bat eginez.

Herriko eragileekin elkarlanean

Bide horretan, udalak herriko eragileekin elkarlanean jarraitzen du Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren barruan dauden helburuak betetzeko sinergiak bilatzen. Ekainean herriko sei ikastetxerekin sinatu zituen hitzarmenak udalak eta, orain, Monte Albertia erdi eta goi mailako heziketa zentroak ere bat egin du konpromiso horrekin. 

"Laster Zarautz 2030 Plan Estrategikoari onespena emango zaio eta, horrekin batera, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlan hitzarmenak sinatzen jarraituko dugu, denok batera etorkizuneko Zarautz jasangarriago baten bila lanean jarrai dezagn", adierazi du Iker Basurko Plan Estrategikoen zinegotzi arduradunak.