Santa Klaran izango dira Udako Musikaldiko kontzertuak

Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea, Santa Klarako elizan. (Zarauzko Udala)

Lau kontzertuk osatuko dute Udako Musikaldia. Santa Klarako elizako hormak egokitu egin dituzte, bertako akustika hobea izan dadin. 

Abuztuaren 5ean hasiko da Udako Musikaldiaren 34. edizioa. Lau kontzertuk osatuko dute jaialdia, eta Santa Klarako elizan izango dira laurak. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera librea izango dute, edukiera bete arte. 

  • Abuztuak 5, ostirala: Forma Antiqva. Moko txirulak, biolinak, biolontxeloa, gitarra barrokoak eta klabeek osatzen dute taldea, eta G.P. Telemmannen Sonata eta Trio Sonatas programarekin eskainiko dute kontzertua. 
  • Abuztuak 13, larunbata: Cuarteto Seikilos. Bi biolinek, biolak eta biolontxeloak osatzen duten talde honek La Generación de los maestros kontzertua eskainiko du, Joaquin Turinaren, Conrado del Camporen, Julio Gómezen eta Maurice Ravelen lanak interpretatuta. 
  • Abuztuak 19, ostirala: LagunArteren Habia kontzertua. Iparraldeko hirukoteak biolontxeloa eta biolinak jotzeaz gain, kantatu ere egingo du, eta hainbat euskal sortzaileren hitzak eta musika interpretatuko dituzte. Bitoriano Gandiagaren, Bernat Etxepareren, Etxamendi eta Larralderen eta Joseba Sarrionandiaren hitzak, besteak beste. Kristof Hiritak egin ditu musika moldaketak. 
  • Abuztuak 26, ostirala: Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa. Txistu eta akordeoi doinuez amaituko da Udako Musikaldia. 

Akustika hobetzeko lanak

Udako Musikaldiko kontzertuak Santa Klarako elizan egin ahal izateko, bertako akustika hobetzeko eskuhartzea egin behar izan du bertan udalak. Erakundeak ohar bidez zehaztu duenez, elizaren "erreberberazio denbora ez zen egokia kalitatezko entzunaldia bermatzeko". Hori hobetzeko, elizako paretak egokitu dituzte. Zehazki, kolore zuriko pintura akustikoarekin margotu dituzte paretak. Eko Ingenieria Acustica enpresa arduratu da lan horretaz.