Ziztadak sentitu dituztelako anbulatoriora jo dute bi emakumek bart

Jai-giroan zeudela ziztada sentitu eta Zarauzko anbulatoriora jo dute bart bi emakumek. Urola Kostako Itaiak salatu du gertaera.

Gorputzean ziztadak sentitu zituztelako Zarauzko anbulatoriora jo dute bart bi emakumek, Ertzaintzak hedabide honi jakinarazi dionez. Momentuz ez da salaketarik erregistratu eta, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Gipuzkoan orain arte ezagutu diren lehen ziztada kasuak izan dira atzokoak.

Urola Kostako Itaia eragileak sare sozialen bidez salatu du atzo gaueko gertakaria, eta "babes osoa" adierazi diete erasotutako emakumeei.

Azken hilabeteetan ugaritzen ari dira ziztada bidezko erasoak jai-giroan. Horren erakusle dira Baionan, Algortan (Bizkaia) edota Gasteizen jakinarazi diren dozenaka kasuak.