Entrenatzaile aldaketa Amenabar eskubaloi taldean

Iosu Landak Hugo Sanchez ordezkatuko du, eskubaloi ligako zilarrezko mailan.

Hugo Sanchez entrenatzaile irundarrak Amenabar taldea utzi du, eta Iosu Landa zarauztarrak hartu du bere postua. Hala, Landak taldearen zuzendaritza hartuko du estatu mailako eskubaloi ligaren bigarren mailan lehiatzeko. Taldea astelehen honetan bertan hasi da aurredenboraldiko entrenamenduekin, joan den denboraldiko ia jokalari guztiekin, Ander Atorrasagasti eta Aierza salbu.

Zarautzeko mutilen eskubaloi talde nagusia entrenatzen jarraitzeari uko egin izanaren arrazoiez mintzatu da Sanchez Diario Vascorekin. Ezer baino lehen, "esker ona" adierazi dio klubari, lehen taldeko jokalari eta bi taldeetako entrenatzaile izan baita; lau denboraldiz, lehen taldearen kasuan.

"Nire zikloa amaitu dela uste dut", azaldu du. Denboraldi honetan bere asmoa «atseden hartzea, ideiak freskatzea eta berriro motibatzea» dela dio. Zuzendaritzak eta jokalariek bere lana positiboki baloratu dutela adierazi du, baina hala ere, bigarren mailan entrenatzeak "esfortzu eta erantzukizun handia" eskatzen duela azpimarratu du, eta proiektuaz ehuneko ehunean konbentzituta ez dagoenez, zuzendaritzarekin hitz egin, eta Iraitz Unanuek eta berak entrenatzaile berri bati lekua uztea erabaki dute.

Lan mardula egin du Sanchezek, batez ere azken denboraldian. Herriko gaztez osatutako taldea igoera faserako sailkatzea lortu zuen.