Ikerketa onkologikorako dirua bilduko dute asteburuan

Minbiziaren aurkako elkarteko boluntarioak, informazioa banatzen malekoian.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen helburua da 2030erako minbizia diagnostikatzen zaien hamar pertsonetatik zazpik gaixotasuna gainditzea, eta horretarako, ikerketa funtsezkoa dela azpimarratu du.

Datorren asteburuan dirua biltzen jardungo dira Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko boluntarioak Zarauzko kaleetan. Zehazki, ikerketa onkologikoa bultzatzeko izango da bildutako dirua.

Elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi du azken urteetan 3,3 (gizonetan) eta 2,6 (emakumeetan) puntu igo direla minbizia pairatzen duten pertsonen biziraupen adierazleak. Gaur-gaurkoz, gaixotasuna diagnostikatu eta bost urtera, gizonen %55,3ek bizirauten dute, eta emakumeen %61,7k.

Elkartearen helburua da 2030erako datu hori %70ekoa izatea, hau da, minbizia diagnostikatzen zaien hamar pertsonetatik zazpik gaixotasuna gainditzea.

Hori lortu ahal izateko, ordea, minbizi mota guztiak behar adina ikertzea beharrezkoa dela azpimarratu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak. Iaz, jendearen dohaintzetatik bildutako 340.160 euro bideratu ahal izan zituen ikerketa onkologikora.

Elkartearen zerbitzuak

Uneotan, 1.242 bazkide eta 76 boluntario dituzte Urola Kostan, eta hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte. 2021eko datuen arabera, esaterako, arreta psikologikoko 241 saio eta arreta psikosozialeko 102 eskuhartze egin zituzten. Halaber, ortopediako materialaren 31 mailegu egin ziren, 608 eskuhartze sozial, eta 173 pertsonak hartu zuten parte prebentzio ekintzetan.

Doan eskaintzen dituzte zerbitzu horiek guztiak eta, neurri batean, dohaintzekin finantzatzen dituzte. Hori dela eta, herritarrak animatu nahi izan dituzte asteburuko diru bilketan ekarpena egitera.

Diru bilketa goizez egingo dute, 09:00etatik 13:30era. Herriko lau puntutan egongo dira boluntarioak: malekoian, Emakumeen Etxearen parean; malekoian, Beraza inguruan; Lege Zaharren Enparantzan; eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Zarautzen duen egoitzaren parean (Balea kalea, 2).