AP-8ko bidesari paretik La Salle ikastetxe parera panel akustikoak jartzeko lanak lizitaziora atera dituzte

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 4a, 11:33
AP-8 autobideko Zarauzko ordainlekua.

5,4 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute 1,3 kilometroko eremuan zarataren kontrako horma ezartzeko. Bilborako noranzkoan jarriko dituzte lau metroko altuerako panelak. Itxasmendi eta Abendañoko azpi pasabideetan, berriz, bi metroko altuera edukiko dute. Zarauzko Udalak gustura hartu du iragarpena.

Zarautzen AP-8an panel akustikoak jartzeko lanak lizitaziora atera berri ditu Bidegik, eta erabaki horren aurrean, Zarauzko Udala gustura agertu da, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. 5,4 milioi euroko inbertsioa izango da, eta 1,3 kilometroko tartea estaliko dute panelek, Zarauzko bidesarian hasi (kamioiak pisatzeko eremu parean) eta La Salle ikastetxe pareraino. Bilborako noranzkoan jarriko dituzte zarataren kontrako horma horiek.

Udalak nabarmendu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru Diputatuak joan den urtean aurreratu zuela Zarautzen zarata ekiditeko hesi horiek ezartzeko aldundiaren asmoa. "AP-8ak Zarauztik igarotzean sortzen duen hots-kutsadura gutxitzeko mota horretako euskarriak ezartzeko proiektua aspaldidanik eskatu izan du Zarauzko Udalak eta, orain, Bidegik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak harturiko konpromisoaren ondoren, errealitate bilakatuko da".

Xabier Txurruka alkateak eskertu egin du harturiko konpromiso horiek betetzea, "oso positiboki" baloratu du  pantaila akustikoak ezartzeko lizitazioa martxan jarri izana. "Esku hartze honek gure herriko biztanleen bizi kalitatea asko hobetuko du, bereziki autobidetik gertu bizi, ikasi edo lan egiten duten pertsonena". Hain zuzen, urteak daramatzate Orokieta, La Salle eta Lizardi ikastetxeetako arduradunek konponbide bat eskatzen autobideko zaratari, eta hala jaso zuen hedabide honek 2019ko martxoan egindako erreportaje batean.

Lanak 14 hilabeteko epean

Lanen lizitazioa martxan da, eta behin lanak esleituta, 14 hilabeteko epean panelak jarrita egongo direla aurreikusi dute.

Gaur-gaurkoz, Zarautzen mota horretako euskarriak bi gunetan daude: AP-8 autobideko ordainlekuko pisatze-baskularen gunean bat, eta La Salle eskolaren parean, bestea.

Panel berriak bi gune horien artean jarriko dituzte, Bilborako noranzkoan, eta lau metroko altuera izango dute. Itxasmendi eta Abendañoko azpi pasabideetan, ordea, bi metrokoa izango da altuera.

Datu teknikoei dagokienez, udalak azaldu du panel modular horiek hormigoizko plaka dutela bai egituran, bai isolamenduari dagokionez, eta soinu-iturrira bideratutako partean geruza fonoxurgatzailea dutela panelek. "Akabera horrekin, zarataren aurkako babes eraginkorra eta ekologikoa lortu nahi da, ekologikoki iraunkorra izango den eredu baten alde eginez, xurgapen handiagoa eta isolamendu akustiko handiagoa eskainiko dituena, eta, era berean, pantailaren bizitza erabilgarria 50 urtekoa izango dela bermatuko duena", zehaztu du udalak.