Euskal presoak etxean eta bizirik nahi dituztela aldarrikatuko dute bihar eguerdian hondartzan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 6a, 08:30
Zarautzen egin zuten agerraldia Etxerateko hainbat kidek igandeko hondartzako hitzorduaren berri emateko (Maria Maya Manterola)

Zarauztarrez gain, zumaiarrak eta getariarrak ere Zarauzko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu Etxeratek, eta 12:00etan Musika plazan elkartu ondoren, handik joko dute hondartzara.

Presoek "ezohiko egoeran, isolamenduan eta etxeetatik urrun" 30 urte daramatzatela eta salbuespenezko espetxe politikaren ondorioak senideek pairatzen dituztela salatzeko, hondartzetan mobilizazioak antolatu ditu Etxerat elkarteak igande honetarako.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hainbat hondartzatara eramango dituzte aldarriak, tartean, Zarauzkora. Hain zuzen, Zumaiako, Getariako eta Zarauzko bizilagunak gonbidatu dituzte Zarauzko mobilizazioan parte hartzera. Hitzordua bihar 12:00etan da, Musika Plazan. Handik elkarrekin egingo dute hondartzako bidea.

Etxeraten datuak

Etxeraten arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hemeretzi euskal preso daude gaur-gaurkoz espetxeetan, eta 70 urtetik gorako zazpi eta 65etik gorako hamar.

Erbesteratu eta deportatuei dagokienez, 24 eta zortzi dira, hurrenez hurren.

Kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoak, berriz, 52 dira Etxeratek emandako datuen arabera, eta gainera, Espainian dauden 50 presori baino gehiagori ez zaie Frantzian egindako kondenaren denbora zenbatu.

Guztira, 182 preso daude, 54 Espainian eta 17 Frantzian, eta lege arrunta aplikatuko balitzaie, 151 kalera atera beharko lituzkete.