Arratsalde partean izan zen zirimiria, zorionez, kontzertu ordurako geratu zen, eta beste erauntsi mota bat izan zen Zarauzko musika plazan, Pig & Kiss taldeak eskaini zuena, hain zuzen. Bi zarauztarrek, txekiar batek eta zumaiar batek osatutako laukoteak 1970eko hamarkadako musikaren eragina du, eta hala erakutsi zuen Arranopola zikloaren barruan eskainitako ordubete pasako kontzertuan. Indarra, jarrera eta giro ona eraman zuen laukoteak plazara, bertaratu zen jende kopuru handiaren gozamenerako.
Arranopola zikloak datorren astean jarraituko du. Abuztuaren 11n Petti izango da Zarautzen. 18an, berriz, Martin de Marte, eta astebete geroago, 25ean, Gilda.