Euriagatik Frontoi Txikin beharrean Zinema Pilotalekuan jokatu zituzten atzo Zaporraren Oroimenezko eskuz binakako pilota txapelketako final laurdenetako azken bi partidak.
Asteartean jokatu zituzten aurreneko bi norgehiagokak, eta atzokoarekin, erabakita gelditu da zein bikote pasako diren finalaurrera.
Atzoko aurreneko partidan Orbegozo-Odriozola bikotea erraz nagusitu zen Ugarte-Letonaren kontra, eta 22-4 amaitu zen partida.
Bigarrenean, aldiz, tanto bakar baten aldeagatik irabazi zuen lehia Etxaniz-Balerdi bikoteak Lizaso-Gurutzealderen kontra. 22-21 amaitu zen norgehiagoka.
Finalaurrekoak, datorren asteartean
Astearteko garaileak Eskudero-Urruzola –azken edizioko txapeldunak– eta Maiz-M. Etxeberria izan ziren, eta beraz, horiek eta Orbegozo-Odriozola eta Etxaniz-Balerdi bikoteak sailkatu dira finalaurrekorako.
Finalaurreko partidak datorren astean, abuztuaren 9an, asteartea, izango dira. Ohi bezala, 18:30ean hasiko dira partidak, Frontoi Txikin. Euria egiten badu, ordea, Zinema Pilotalekuan jokatuko dituzte.
Finala ere datorren astean egingo dute, ostegunean, hilak 11.