Salbuespenezko espetxe politika salatu dute hondartzan

Mikel Eizagirre 2022ko abu. 7a, 14:41

Ehunka herritar bildu dira Etxeratek igande eguerdirako deituriko mobilizazioan. Euskal presoen aldeko hondatzertako martxa Musika Plazatik abiatu da, Malekoirantz. Bertan, Malekoirako bidea hartu dute, espetxeetako egoera salatuz.

Urola Kostako hainbat txokotatik zein Zarauztik lagun ugari bertaratu dira Etxeraten deialdira. Hondartzako ibilbidean, surflariek ere euskal presoen aldeko banderolak atera dituzte taulen gainetik. Mobilizazioa, hain zuzen, "salbuespenezko espetxe politika" salatzeko izan da.

Etxeratek gogorea ekarri duenez, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso daude gaur-gaurkoz espetxeetan, 70 urtetik gorako zazpi eta 65etik gorako hamarrekin batera. Erbesteratu eta deportatuak, aldiz, 24 eta zortzi dira, hurrenez hurren.

Zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak 52 dira, Etxeratek emandako datuen arabera. Hori ez ezik, Espainiako Estatuan dauden 50 presori baino gehiagori ez zaie Frantziako Estatuan betetako kondenaren denbora zenbatu. Orotara, 182 preso zenbatzen ditu Etxeratek: 54 Espainiako Estatuan eta 17 Frantziako Estatuan. Espetxeko legedi arrunta aplikatuko balitzaie, 151 presok kalean behar lukete jada.