Musikazaleen bilgune bihurtu da Santa Klara

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 8a, 10:44

Akustika hobetzeko hainbat lan egin ondoren, Santa Klarako elizak hartuko ditu Udako Musikaldiko kontzertuak. Ostiralean izan zen lehenengoa, eta goraino bete zen eliza. 

Santa Klarako elizan egingo dira Udako Musikaldiko kontzertuak, eta ostiralean estreinatu zuen jaialdia Forma Antiqva taldeak. Kalerki antzerki jaialdiko hainbat emanaldi ere egin ziren bertan eguraldi eskasa zela medio, baina musikaldikoak dira Santa Klaran programatutako lehen kultura emanaldiak. Bete egin ziren elizako jarlekuak G.P. Telemmannen Sonata eta Trio Sonatas programarekin eskainitako kontzertua entzuteko.  

Datozen asteetan ere Udako Musikaldiko hainbat kontzertu eskainiko dituzte eliza berean:

  • Abuztuak 13, larunbata: Cuarteto Seikilos. Bi biolinek, biolak eta biolontxeloak osatzen duten talde honek La Generación de los maestros kontzertua eskainiko du, Joaquin Turinaren, Conrado del Camporen, Julio Gómezen eta Maurice Ravelen lanak interpretatuta. 
  • Abuztuak 19, ostirala: LagunArteren Habia kontzertua. Iparraldeko hirukoteak biolontxeloa eta biolinak jotzeaz gain, kantatu ere egingo du, eta hainbat euskal sortzaileren hitzak eta musika interpretatuko dituzte. Bitoriano Gandiagaren, Bernat Etxepareren, Etxamendi eta Larralderen eta Joseba Sarrionandiaren hitzak, besteak beste. Kristof Hiritak egin ditu musika moldaketak. 
  • Abuztuak 26, ostirala: Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa. Txistu eta akordeoi doinuez amaituko da Udako Musikaldia. 

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.