Martxan da Tiloak, zuhaitzen babeserako plataforma

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 9a, 13:00

Kezkatuta agertu da herritar talde bat, obrengatik herriko hainbat gunetako zuhaitzak kentzen ari direla eta. Sinadura bilketa jarri dute abian, Nafarroa kaleko lanen eraginez bertako zuhaitzak moztu ez ditzaten. 

Tiloak izeneko plataforma sortu dute hainbat herritarrek, herriko zuhaitzak babesteko. Herrian "babestuko gaituzten zuhaitzak" nahi dituztela azpimarratu dute zabaldu duten idatzian. "Oxigenoa ematen digute, zaratatik babestu, itzala eman, planetaren berotzeari aurre egiten diote, txorientzat eta bestelako animalientzat babesleku dira, asfaltoaren eta zementoaren eragina gutxitzen dute...". Plataformako kideek uste dute badaudela alternatibak herrian egin beharreko obrak egin eta zuhaitzak mantentzeko. 

Kezka agertu dute azken boladan obrak direla-eta kendu dituzten zuhaitzengatik. Lapurdi kalekoak, Sannta Klara ingurukoak edota tren geltokikoak aipatu dituzte oharrean eta, Nafarroa kalean egitekotan diren obrak direla eta, bertako zuhaitzak ez mozteko eskatu dute. 

Horren alde egin ahal izateko, sinadura kanpaina bat abiatu dute plataformako kideek. Honako gune hauetan dago sinatzeko aukera: Roimin (Donibane plaza, 9), Euromarko txiringitoan, Surtidor tabernan, Iturria farmazian, A3 eraikinen administrazioan (Salbide kalea), Ispilu Arte galerian (Gipuzkoa kalea, 24).