Izena eman daiteke Euskal Asteko Trikitilari Gazteen Txapelketan

Parte hartu nahi dutenek abuztuaren 26a baino lehen eman beharko dute izena. Irailaren 7an izango da aurtengo txapelketa, Euskal Astearen barruan. 

Irailaren 7an izanngo da Euskal Astearen barruko Trikitilari Gazteen 42. Txapelketa. Lege Zaharren Enparantzan aterako dira oholtzara trikitilariak, 19:00etatik aurrera. Parte hartu nahi duten trikitilariek eman dezakete dagoeneko izena Zarauzko Udalaren Jai eta Ekitaldietako departamentuan (Kale Nagusia 30 / 943-00 51 19). Abuztuaren 26ra arte egongo da zabalik izena emateko epea. 

Epailearen iritziz trebeena den bikoteak 250 euro, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu eta, bigarren sailkatuek, berriz, 175 euroko saria. Herriko bikoterik onenak ere sari berezia izango du, eta txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 70 euroko dieta izango dute. Kanporaketa gainditu ez dutenek, 50 eurokoa. 

Honako hauek dira aurtengo txapelketaren oinarriak:

  • Maila bakarra izango da: soinujoleak eta pandero-jotzaileak 20 urte bete gabe izango dituzte txapelketa egunean. Familia Liburuaren kopia edo NANaurkeztu beharko da. 
  • Talde bakoitzak bikote bat osatuko du: bi ilarazko soinu diatonikoa eta panderoa. 
  • Parte hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte: Trikitixa, Porrusalda, Fandangoa eta Arin-arina. Horietakoren bat norberak sortutakoa bada, epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du. Izena emateko garaian adierazi beharko da zein den norberak sortutako pieza. 
  • Trikitilariek Trikitixa eta Porrusalda koplaz lagundu beharko dituzte. 
  • Jotzen diren piezen originaltasuna mantenduko da, gehien bat Fandango eta Arin-arinetan. 
  • Janzkera tradizionalaren ezaugarriak mantendu beharko dira. 
  • Epaimahaiaren osaketa txapelketaren egunean jakinaraziko da, eta behin betikoa izango da haren erabakia.
  • Gehienez zortzi bikotek parte hartu ahal izango dute txapelketan. Bikote gehiagok ematen badute izena kanporaketa egin go da eta, Fandangoa jo beharko dute. Horrela balitz, aurrez jakinaraziko da.
  • Parte hartzaileek kanporaketan pieza bat jo beharko dute eta ezingo da finalean errepikatu.