Zarauztarren doinuak

Paulo Ostolazaren doinuak

Erredakzioa 2022ko abu. 10a, 09:00

Hainbat zarauztarrek hautatutako bost abesti jasoko ditugu berrartu berri dugun Zarauztarren doinuak izeneko txoko honetan, eta Paulo Ostolaza Amenabar eskubaloi taldeko atezaina da aste honetako protagonista.

Eman dizkiot buelta batzuk zarauztarren doinuen atal honetan idatzi beharrekoari. Begiratu ditut orain arteko herrikideek proposatutakoak. Eta, ño, igartzen da belaunaldi ezberdinetakoak garela. Ez da nire asmoa inor "zahar" sentiaraztea, are gutxiago inoren gustuak kritikatzea. Baina 25 urte izanda barkatuko didazue atrebentzia… Bost anai arrebetan gazteena izanda, nire haurtzaroa gogorarazten didaten doinuak dira hemen aipatu direnetakoen moduko hainbat. Su Ta Gar, AC/DC, Fermin Muguruza, Deep Purple, Metallica, Anestesia, Iron Maiden eta abar luze bat. Asko maite ditut talde horiek, eta gehienak entzuten ditut oraindik ere. Baina gaurkoan beste ariketa bat egitea tokatzen zaidalakoan nago. Azken bizpahiru urteetan ezagutu ditudan Euskal Herriko taldeen bost kantu bildu ditut, gaur egun puri-purian dauden taldeenak. Ez dute zertan izan onenak edo ospetsuenak, baina hauek dira nik gustukoen ditudanak:

    • Tatxers - Urte kontua

Iruñerria da, ezbairik gabe, gure belaunaldiko musika olatu berriaren epizentroa. Ekialdea eta kontu horiek. Eta ez, ez da Chill Mafia horren erakusgarri bakarra, nahiz eta sekulako iraultza izan zen haien agerpena.

Zalantzak izan ditut Ibil Bedi eta Tatxersen artean, baina azken horien erritmo freskoen alde egin dut azkenean. Doinu zaharrak, forma berriekin.

    • Ødei - Periferiak 

Euskaraz rap-a egitea ez da berria (ikusi, bestela, Odei Barrosok berak Berria-n osatu zuen hogei diskoko zerrenda), baina gutxi izango dira Ødeiren mailako letrak idatzi dituztenak.

Terapia diskoa argitaratu du aurten, drill estilokoa, eta Periferiak kantuak behin eta berriz entzuteko programatuta jarraitzen du nire Spotify-n. 

    • J Martina -Amore

Hirukote honek ere doinu elektronikoak erabiltzen ditu, baina zer ikusi gutxi dute Ødeirenekin. Doinu itsaskorrak eta autotunea. Eta estetika zaindua. Duela urte pare bat Putzuzulon izan zirenetik argitaratu dituzte hainbat lan eder; haietako bat, Amore. Azkena, Gazte Topagune Sozialistako abestia.

    • Xiberoots - Bizitza

Xiberoots reggae talde zuberotarrak badaramatza urte batzuk musika sortzen, baina esango nuke azken hilabeteetan jarri dela modan gure inguruan. Baita Amenabarren ere, gure eskubaloi taldean. Bidaietan, Xiberoots, Autobus Magikoa eta King Konsul. Eta garagardo pare bat. Ez dugu gehiago behar zoriontsu izateko (eta errepidean egiten ditugun ordu mordoak arinagoak egiteko).

  • Martin de Marte – En la rave 

Ezin amaitu zerrenda herriko talde bat aipatu gabe. 2020an ezagutu nuen Martin Muruak egiten duen musika, eta urte hartan Spotify-n gehien entzun nuen abestia izan zen You Better Ulertu. Berari ere aitortu diot hori parrandaren batean. Talde ederrarekin dabil orain zuzenean.

Hauexek, beraz, nire proposamenak. Zerikusi gutxi lehengo egunean Los 40 Principalesen kontzertuan jo zuten artistekin, bai. Andoni Egañak esan zuen moduan, han dena egiten baitzaigu arrotz. Ea jabetu behar dutenak jabetzen diren, axola ez bazaie ere.