Punta-puntako eskuzko pilota partidak jokatuko dituzte datozen igandeetan Aritzbatalden

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 10a, 11:00
Mariaezkurrena II-rekin osatuko du bikotea Ezkurdiak. (Baiko)

Urrutikoetxeak eta Rezustak osatutako bikoak Ezkurdiaren eta Mariaezkurrena II-ren aurka neurtuko ditu indarrak igande honetan. Aritzbataldera itzuliko da astebete barru Mariaezkurrena II, eta Lasorekin bikotea osatuta, Altuna III-Zabaleta izango ditu lehiakide.

Beste urte batez, eskuzko pilota partida profesionalak ikusteko aukera izango da Aritzbatalde pilotalekuan. Aspe eta Baiko enpresek antolatuta eta udalaren laguntzarekin, datozen bi igandeetan izango dira saioak, 17:00etan hasita. 

Lehen hitzorduan, hilaren 14an, Urrutikoetxeak eta Rezustak osatutako bikoak Ezkurdiaren eta Mariaezkurrena II-ren aurka neurtuko ditu indarrak. Haien aurretik jokatuko dute partida Elezkano II-k eta Bikuñak, Dario eta Tolosaren aurka. Horien ondoren, Victor-Arbizu bikotea Zabala-O.Etxeberriaren aurka ariko da. 

Hurrengo igandean, berriro jokatuko du Aritzbatalden Mariaezkurrena II-k, baina, oraingoan, Lasorekin osatuko du bikotea eta Altuna III-Zabaletaren aurka egingo dute. Aurretik lehiatuko dira Elordi-Tolosa Agirre-Elizegiren aurka eta, ondoren, Salaberria-Morgaetxeberriak Egiguren V-Aretxabaletaren aurka jokatuko dute. 

Partidak bertatik bertara ikusi nahi dituztenek sarrerak eskuragarri dituzte entradasfronton.com webgunean, 20 euroan.