Etzi izango da Udako Musikaldiko hurrengo kontzertua

Cuarteto Seikilos. (Utzitakoa)

Cuarteto Seikilos izango da Santa Klarako elizan etzi. Berriki atera dute La generación de los Maestros diskoa, eta izen bereko kontzertua eskainiko dute. 

Gainontzeko kontzertu guztiak ostiraletan izango badira ere, auzoko festak direla eta, larunbatean izango da aste honetako Udako Musikaldiko emanaldia, 20:00etan, Santa Klarako elizan. Oraingoan, Cuarteto Seikilos laukoteak La generación de los maestros kontzertua eskainiko du. Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioan eta JONDEn (Espainiako Gazte Orkestra Nazionala) ezagutu zuten elkar taldeko kideek. Europako unibertsitateetan eta goi mailako ikastetxe nagusietan jaso dute musika formakuntza: Düsseldorfeko Musik Hochschule, HMT Leipzig, Salzburgoko Universität Mozarteum eta Madrilgo Reina Sofia Goi Mailako Eskolan.

Gaur egun, laukoteak kontzertuak eskaintzen ditu Espainiako ziklo eta jaialdi nagusietan. Musika ondarea berreskuratzeko ardura eta errespetuaren filosofiari jarraituz, Seikilos laukoteak Eudora Records disketxearekin grabatu du bere lehen diskoa, La generación de los Maestros izenekoa. 

Honako hauek osatzen dute Cuarteto Seikilos: Ivan Gornemann biolinarekin, Pablo Quintanilla biolinarekin, Adrian Vazquez biolarekin eta Lorenzo Meseguer biolontxeloarekin. 

Etziko kontzertuan honako pieza hauek eskainiko dituzte:

  • Joaquin Turina (1882-1949) - Serenata op.87
  • Conrado del Campo (1879-1953) - Cuartero nº 10 "Castellano”
  • Julio Gómez (1996-1973) - Cuartetino sobre una danza popular montanesa
  • Maurice Ravel (1875-1937) - Cuarteto en Fa

Publikoari eta artistei zor zaien errespetuagatik, emanaldia hasi ondoren joaten den jendeak kanpoan itxaron beharko du. Ikuskizunak sarrera ahalbidetzen duenean hala jakinaraziko diete antolatzaileek eta emango diete sartzeko baimena.