Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia antolatu du Nik Trik

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 14a, 10:00
Nik Tri taldeko kideak. (Nik Tri)

Triatloi "laburra eta erraza" antolatu du Nik Tri triatloi elkarteak. Urriaren 8an izango da, eta dagoeneko izena eman daiteke niktri.eus web orrian. 

Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia antolatu du Nik Tri Triatloi Taldeak, urriaren 8rako. Gizon eta emakume banak osatutako bikoteek hartuko dute parte proban eta, antolatzaileek azaldu dutenez, "gizon adina emakume bilduko dituen lehen triatloia izango da". 

Distantzia laburrak egin beharko dituzte parte hartzaileek, hortik, herrikoi izaera. Igerian 350 metro egingo dituzte, zazpi kilometro bizikletaz, eta 2,250 kilometro lasterka. Izena emateko 14 urte baino gehiago eduki beharko dira, eta federatuek nahiz federatu gabeek hartu ahalko dute parte. "Edozein motatako bizikletekin" egiteko modukoa izango da triatloia, ez baitu aldaparik izango ibilbideak. 

Antolatzaileek esan dute "laburra eta erraza" izango dela, "triatloi proba bat lehen aldiz egiteko egokia". Triatletei deia luzatu diete, beren lagun, senide, bikote edo ezagunei heltzeko eta triatloia burutzen laguntzeko. "Orain arte zu animatzen jardun diren horien txanda da, probatu dezatela gure kirol hau!"

Dortsal zenbakiak izen-emate ordenaren arabera zehaztuko dira, eta irteerek segida bera jarraituko dute. Irteera bakoitzean bost bikote aterako dira, batetik besterako 30 segundoko tartearekin. Lehen taldea 12:30ean aterako da Zarauzko portutik, eta hondartzara heldu beharko du igerian. Anoa gune bat egongo da helmugan, eta parte hartzaile guztiek triatletaren poltsa jasoko dute. Festa amaitzeko, parrillada eta hainbat sariren zozketa izango dira. 

Proban izena eman daiteke, niktri.eus web orrian. Jakinarazi dutenez, lehenengo txanda beteta dago dagoeneko. 

2013tik triatloia sustatzen 

Duela zortzi urte sortu zen Nik Tri triatloi elkartea, eta 54 triatletak osatzen dute egun (horietako %44, emakumeak). Elkarteak Zarautzen dauka egoitza, eta Getariako, Ondarruko, Gasteizko, Lazkaoko, Zumarragako, Muskizeko, Donostiako, Azpeitiko nahiz Bilboko kideek osatzen dute.