Abuztu amaieran jokatuko dituzte aurten ere Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko kanporaketak. Zehazki, hilaren 25ean eta 26an izango dira, ostegunez eta ostiralez.
Lehen kanporaketan, honako bertsolari hauek ariko dira kantari: Peru Abarrategi (Aramaio, Araba), Haizea Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa), Idoia Granizo (Altsasu, Nafarroa), Aimar Sorazu (Zarautz), Ekain Tolaretxipi (Hernani, Gipuzkoa), Gorka Pagonabarraga (Durango, Bizkaia), Aner Peritz (Zarautz) eta Enare Muniategi (Deustu, Bizkaia).
Bigarren kanporaketan, berriz, honako hauek aterako dira oholtzara: Naia Arrizabalaga (Azkoitia), Aitor Tatiegi (Oñati, Gipuzkoa), Andoni Rekondo (Hernani, Gipuzkoa), Irati Alcantarilla (Urruña, Lapurdi), Libe Goenaga (Getaria), Ane Beloki (Legazpi, Gipuzkoa), Oier Etxeberria (Azpeitia) eta Xabat Illarregi (Leitza, Nafarroa).
Gazteentzako sariketa izanagatik, maila handiko bertsolariak ariko dira sariketan. Besteak beste, Arabako txapelduna da Abarrategi, eta Bizkaiko eta Nafarroako finalean kantatu dute Pagonabarragak eta Illarregik.
Bi kanporaketak Imanol Urbieta Musika Eskolako aretoan izango dira, 22:00etan, eta doako sarrera izango dute. Finala irailaren 2an jokatuko da, ohi bezala, Euskal Asteko ostiralean. Hori Modelo aretoan izango da, eta 3 euro balioko du sarrerak.