Urrak irabazi du Igeldoko Harria

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 14a, 10:13
Urra Urrezko Herri Jasotze Txapelketan, artxiboko irudian. (Ibon Errazu)

Faboritoen artean ziren Eizmendi eta Urra zarauztarrak eta, azkenean, gazteenak irabazi dio txapelketa entzutetsua zazpi aldiz irabazi duen Eizmendiri. Ulia Harrian ere zarauztar bat izan da azpitxapeldun: Ainitze Zumeta. 

Harri-jasotzaile zarauztarrak iaz Jokin Eizmendik egindako altxaldi kopurua berdindu zuen atzo arratsaldean Donostiako Trinitate plazan, eta hamazazpi altxaldirekin, bera da txapeldun berria. Orain arte, zazpi alditan irabazi du Jokin Eizmendi zarauztarrak txapelketa entzutetsua, baina atzokoan herrikide gazteak irabazi zion. Hamabost altxaldi eman zizkion harriari Eizmendik. Igeldoko Harria altxatu zuen hirugarren zarauztarra, Xabat Olaizola, seigarren postuan geratu zen. Hemen, sailkapena:

  1. Mikel Lopetegi - 17 jasoaldi
  2. Jokin Eizmendi - 15 jasoaldi
  3. Paulo Azpiazu - 14 jasoaldi
  4. Gorka Etxeberria - 12 jasoaldi
  5. Beñat Telleria - 11 jasoaldi (pisu gutxiago)
  6. Xabat Olaizola - 11 jasoaldi

Atzoko hitzorduko berrikuntza nagusia Uliako Harriaren txapelketa izan zen. Emakumeen txapelketa izan zen lehen aldiz, eta parte hartze altua izan zuen lehiak, Igeldokoak baino altuagoa: hamar harri-jasotzaile atera ziren plazara, eta tartean ziren bi zarauztar. Horietako bat, Ainitze Zumeta, azpitxapeldun izan zen, gainera. Duela gutxi hasi da Zumeta harri-jasotzen, baina orain arte egindako probetan trebetasun handia erakutsi du. Txapeldun, berriz, Karmele Gisasola izan zen, hamasei altxaldirekin. Hemen, sailkapena osorik:

  1. Karmele Gisasola - 16 jasoaldi
  2. Ainitze Zumeta - 13 jasoaldi
  3. Lierni Osa - 12 jasoaldi (pisu gutxiago)
  4. Aroa Sanchez - 12 jasoaldi
  5. Ane Zinkunegi - 11 jasoaldi
  6. Raquel Arranz - 10 jasoaldi
  7. Udane Ostolaza - 9 jasoaldi
  8. Olaia Enaola - 8 jasoaldi
  9. Naiara Zumeta - 6 jasoaldi
  10. Marina Blanco - 3 jasoaldi