"Lege honek bi klausula dauzka: 'Gonzalez klausula' eta 'Aznar klausula'"

Iosu Alberdi / Berria 2022ko abu. 15a, 09:00

Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko prozedurari gertuko jarraipena ari zaio egiten Pili Zabala Zarauzko bizilaguna. Gaiari buruz hari egindako elkarrizketa plazaratu zuen atzo Berria.eus-ek. 

Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketen kasua argitzeko erabili ziren 1997an Espainiako Gobernuak desklasifikatutako zenbait dokumentu. Pili Zabalak (Tolosa, Gipuzkoa, 1968), baina, ongi gogoan du nola beste asko sekretupean geratu ziren, Sekretu Ofizialen Legea zela medio. Orain, gertutik jarraitzen ari da lege hura aldatzeko prozesua.

Ikusi gehiago: BASOARTE ZARBATSUA

Espainiako Gobernuak aurkeztu du Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko aurreproiektua.

Zoritxarrez, lege aurreproiektu honekin antzeko egoeran jarraitzen dugu. Europa mailako beste herrialde batzuetako legeekin konparatuz, oso-oso aurreproiektu opakoa da. 50 urte ikaragarrizko epea da; hamabost urteko luzapenarekin. Europa mailan ez dago halakorik: Alemaniak 30 urteko epea dauka, Italiak hamabostekoa, luzatu daitekeena... AEBek ere 25 urtekoa.

Kezkagarriena da lege honek bi klausula dauzkala. Felipe Gonzalez klausula, GAL ez ikertzeko; eta Jose Maria Aznar klausula, ez ikertzeko gerrara joatea erabaki zuenekoa, nahiz eta jakin ez zegoela suntsipen handiko armarik.