Nekazaritza ekologikoko azoka izango da ostiralean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 17a, 11:00

Biolur elkarteak antolatuta, 25 ekoizle inguruk jarriko dute postua Lege Zaharren Enparantzan. Gainera, halako azoketan kontsumitzea sustatzeko, bost euroko bonoak jarri ditu eskuragai Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak bere web orrian. 

Osasun krisiagatik hartutako neurriak zirela medio, iaz ez zen izan azoka ekologikorik Zarautzen, baina aurten Lege Zaharren Enparantzara itzuliko da Biolur elkarteak antolatutako azoka, "herritarrei elikagai ekologikoak eskuragarri jarri, egiten dugunaren informazioa eskaini eta ekoizle eta herritarren arteko zubiak eraikitzeko". Ostiral honetan, hilaren 19an, izango da azoka. 

Barazkiak, ardi- eta behi-gazta, eztia, gozoak, ogia, mermeladak, olioa, arrautzak eta sagardoa erosi ahal izango dira azokan, besteak beste. Nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio panelak ere izango dira, baita Biolurren informazio puntua ere. Hogeita bost ekoizle izango dira azokan, gehienak Gipuzkoakoak, baina baita Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxatik (Espainia) etorritakoak ere. 

"Pozgarria" da elkartearen iritziz berriro ere Zarauzko azoka egin ahal izatea. Besteak beste, azpimarratu du salmenta zuzenak "elkarrizketa" dakarrela, eta hori "aberasgarria" da elkartearen iritziz, "bai ekoizleentzat, bai herritarrentzat". 

"Bizitzen ari garen garai nahasi hauetan, eredu ekologikoan urrats sendoak ematea ezinbestekoa da, ekoizpenetik kontsumorainoko bidean, sektorearen iraunkortasuna eta ingurumena eta pertsonen osasuna erdigunean jarri nahi baditugu behintzat", azaldu du elkarteak azoka iragartzeko prentsa oharrean. Leire Arana Landa Garapenerako zinegotziaren ustez, "oso aberasgarria" da herriarentzat azoka antolatzea "bai herritarrentzat, baita bisitarientzat ere". Azoka ekologikoa "elikadura osasungarri, jasangarri eta bertako eta garaiko produktuen isla" dela azaldu du, eta hori "Zarauzko nekazaritza ereduarekin bat" datorrela. "Gure Merkatu Plaza maitearen ateetan antolatzen da azoka hau eta giltzarri da sinergiak eraikitzen jarraitzeko merkatuko ekoizle, herritar eta kontsumitzaileen artean", gaineratu du. 

Berrikuntza gisa, udako azoka ekologikoetan gastatu ahal izateko bost euroko bonoak eskuratzeko aukera jarri du webgunean Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak. Hemen klikatuta eskuratu daiteke bonoa.