Ligako estropadarik garrantzitsuenerako prest

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 18a, 10:00
ZAEko arraunlariak, eta Jon Artola presidentea, Leire Arana Kirol zinegotzia, Xabier Txurruka alkatea eta Pedro Olmedillo TKEko ordezkaria atzo goizean, Zarauzko Ikurrinen aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko Ikurrina izango da jokoan datorren asteburuan. Bi jardunaldiko lehia izango da ohi bezala, eta udaletxe aurrean egokituko dute gune ludikoa. Larunbat goizean KAE 1eko eta ETEko estropadak izango dira, eta bertan ariko dira lehian Zarautz Gesalaga Okelango traineruak.

Aste Nagusi betean iragarri dituzte Zarauzko Udaleko, Zarautz Arraun Elkarteko eta TKEko ordezkariek Zarauzko estropadak. Asteburu honetan izango dira jokoan gizonezkoen Zarauzko 45. Ikurrina eta emakumezkoen Zarauzko 14. Ikurrina. Hori gutxi ez, eta larunbat goizean KAE 1eko eta ETEko estropadak jokatuko dituzte, eta bertan ariko dira etxeko bi traineruak. Xabier Txurruka alkateak deia luzatu die zarauztarrei etxeko arraunlariak animatzera joateko.

Kontxako estropadaren atarikotzat dute askok Zarauzko Ikurriña, eta aurtengo estropada aparta izango dela uste du Txurrukak. Lege Zaharren Enparantzan jarriko dute gune ludikoa, eta bulego teknikoa udaletxean egongo da. Emakumeen eta gizonen sariak berdinak izango direla ere gaineratu du Txurrukak, estropadak Zarautzen "parekidetasunaren alde egiten dugun esfortzuaren isla" izan daitezen. Horrekin lotuta, alkateak argitu zuen traineruak Getariako portuan uretaratuko direla astebruko estropadan –argitzeke zegoen Aiatik edo Getariatik aterako ziren–. Dena den, datorren urtean Euskotren ligan lau traineru gehiago izango direla eta, litekeena da abiapuntuko lekua aldatzea. "Lehen esan dudan bezala, Zarauzko Udalak parekidetasunaren alde egiten duen esfortzu honekin bermatu nahi du datorren urtean ere emakumeek eta gizonek medio, espazio eta leku berdinak izatea. Hori ez bada posible Getarian, Aian bermatuko dugu", azaldu du Txurrukak.

Pedro Olmedillo TKEko ordezkariak eta Jon Artola Zarautz Arraun Elkarteko presidenteak eskerrak eman dizkio udalari antolakuntza lanengatik, eta azken horrek ere herritarrak animatu zituen etxeko traineruak lehian ikusteko estropada eremura hurbiltzera. Gainera, aurreikuspenek itsaso "trikoa" egongo dela diote. "Badirudi itsasoa izango dugula. Ipar mendebaldeko itsasoa sartuko dela dio parteak, periodo oso altuekin". Arraunlariek ez dute lan erraza izango, baina arraunzaleentzat, ikuskizuna ziurtatuta egongo da.