Ramon Serras omenduko dute Argazkigintzaren Nazioarteko Egunean

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 18a, 11:30

Photomuseumgo atarian izango da ekitaldia, ohi bezala, eguerdi partean. Argazkilari zarauztarra zenaren katalogoa aurkeztuko dute ondoren. Arratsaldean, Norberaren gela dokumentala izango da ikusgai.

Urteroko moduan, Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko du bihar Photomuseumek. Aurtengoan goizez eta arratsaldez antolatu dituzte ekitaldiak. 11:30ean ekingo diote ospakizunari aurreskuarekin, Daguerreren monumentuaren aurreko lore-eskaintzarekin eta
Felix Zubiak egun honetarako espresuki abestuko dituen bertsoekin.

Ondoren, Ramon Serras (1943-2021) argazkilaria eta Photomuseumeko sortzaileetako bat omenduko dute, eta, horretarako, Serras. Argazkiak - Fotografías katalogoa aurkeztuko dute. Liburua hainbat egileren artean ondu dute, eta horietako batzuk hartuko dute parte saioa, hala nola Isabel Agirretxe, Pio Guerendiain, Joxepo Teres eta Miguel Zugaza.

Arratsaldean, berriz, Norberaren gela film dokumentala eskainiko dute, 18:00etan hasita. Jarraian, mahai-ingurua izango da filmaren ko-zuzendari eta gidoilari Ainhoa Urgoitiaren eskutik. Bestalde, egun osoan zehar Photomuseumeko sarrera doakoa izango da.